Belarrondoko galanta eman dio

Urdaibai liderrak San Miguel liga irabazteko hautagai nagusia dela erakutsi du Orion, erakustaldi handia emanez nagusituta

Igor Susaeta.
Donostia
2010eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Oraindik ere ez da San Miguel liga amaitu, baina azken asteotan eta batez ere atzo ikusitakoari erreparatuz gero, Urdaibai liderrak irabaziko duela adieraz daiteke okertzeko beldurrik gabe. Badira Orio bigarren sailkatuan sinesten dutenak, baina datuek, zenbakiek hotz-hotzean, haien fedea apalduko dute. Uztailaren 31tik gaurdaino ligako zazpi estropada jokatu dira, eta horietako seitan, Zarauzko Banderako lehen jardunaldian ezik, Bou Bizkaia trainerua Mirotza-ren aurretik helmugaratu da. Horregatik da lider. Atzo, gainera, kontrarioaren etxean nagusi. Eta erakustaldi handia emanda erlojuaren kontra: 17 segundo, ia sei ontziko aldea, bigarrenari, Oriori. Belarrondoko galanta. San Miguel liga bukatzeko hiru estropada falta direnean, hortaz, Urdaibai da irabazteko hautagai argia.

Orain bi aste eskas Orio zen liga bideratuta zeukana. Sei puntuko aldea ateratzen zion Urdaibairi, baina kolpeak bata bestearen atzetik jaso ditu Joxean Olaskoaga Aizperro-k entrenatutako koadrilak. Bata bestea baino gogorragoak, zuzenagoak, gainera. Azkena etxean, atzo. Berez aldrebesa izan zen arratsaldea. Lerrokatuta zen jokatzekoa estropada, baina kanpoko balizetako batekin izandako arazoak medio, erlojuaren kontra aritu ziren traineruak -hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin-, San Miguel ligaren aurtengo aldian bosgarren aldiz. Itsasoa nahasi antzean zegoen, bai, asko sufritu zuten arraunlariek, baina askoz ere baldintza okerragoetan lan egin behar izan dute dezentetan.

Kontua da ederra bezain gorabeheratsua izan zela estropada. Batetik, Tirani hamar segundoko zigorra jarri zioten epaileek, David Alvarez haien patroiak estatxari heldu gabe abiarazi zuelako Ruly ontzia. Bestetik, Enrique Lopez Astillerokoak bere arrauna txikitu zuen lehen maniobra egiten, eta segituan beste batekin ordezkatu. Eta, azkenik, Karlos Mendizabal San Juanen estriborreko ankekoak tosta hautsi zuen abiatu eta berehala. Geratu, atzera egin, hiru segundoko zigorra jaso, eta berriro abiatu behar izan zuen San Juanek.

Urdaibairi, berriz, dena atera zitzaion ondo. Lehen ziabogan denbora onena egin zuen, baina gainean, bi segundora, zeuzkan Orio eta San Juan. Bigarrenean, berriz, Mirotza parean zuen jada. Baina brankaz egin beharreko bigarren eta azken luzean, bederatzi segundo sartu zizkion garaileak etxeko traineruari. Alde hori 1.389 metrotan. Sekulakoa. Eta behin erreferentziak ezagututa, puztuta, pozik, beste zortzi segundo, poparean, helmugara bidean. Bata, liderra, indar betean, eta bestea, Orio, etxeko trainerua, ezinean. Halere, behin lanak bukatuta Asier Arego Bou Bizkaia-ren patroiak zeukan aurpegia ez zen poztasunarena, ez. Txiki-txiki eginda zegoen, denboraldi osoko tentsio guztia atzoko estropadako azkeneko bi luzeetan askatu izan balu bezala. Urdaibaikoek, baina, lanean gogor jarraitu beharko dute San Miguel liga laugarrenez irabazteko. Hondarribiak (eta Kaikuk), aldiz, aurtengo ligako azken proba jokatuko du, gaur, ziurrenik, Castron (12:00, ETB 1). Izan ere, San Pedro zortzigarren sailkatuak zazpi puntu ateratzen dizkio.

Portugaleten, lerrokatuta

Eremu irregularra da Portugaletekoa, eta han jokatuko da ligako azken proba. Kaleen arteko aldeak saihesteko, estropada erlojuaren kontra jokatzearen aldekoak ziren Orio eta Urdaibai, baina azkenean lerrokatuta ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.