Asier Illarramendi. Realeko jokalaria

«Belauna erabat osatuta daukadala sinestea falta zait»

Iazko azaroaren amaieran hautsi zuen ezker belauneko kanpoko meniskoa, Espanyolen aurka, Anoetan. Ordu arte erakutsitakoak zer esana eman zuen, eta aurki lehengora itzultzea espero du.

Donostia
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Duela egun gutxi itzuli da Asier Illarramendi (Mutriku, Gipuzkoa, 1991) Realaren egunerokora. Desiratzen zegoen. Inork ez diezaiola bizikleta estatikorik oparitu, gimnasio barruko aparatuak begitan hartu baititu, bi hilabete luzez ariketa berberak egin ostean. Astelehenean Anoetan Sevillaren aurka jokatu beharreko partida goizegi dator berarentzat, eta hurrengo igandean Granadaren aurka jokatu beharreko norgehiagokan dauka jarrita gogoa. Ezker belauneko kanpoko meniskoko haustura sendatu duen moduan, indartu egin behar du burua orain. Pausotxo hori baino ez zaio falta berriro partida batean parte hartzeko.

Philippe Montanierrek galdetuko balizu jokatzeko moduan ote zauden, zer erantzungo zenioke?

Ez nuke jakingo zer esan, ez baitakit zehatz-mehatz nola nagoen. Iritsiko naiz pixkana-pixkana nire gorputzaldirik onenera. Ez daukat zalantzarik. Orain, berriz, konfiantza hartzea falta zait. Beharbada, goizegi izango litzateke jada jokatzen hasteko, eta akaso ezetz erantzungo nioke. Bi hilabete luze daramatzat jokatu gabe,eta denbora behar dut oraindik berriro jokatzeko prest egoteko.

Zeren bila zabiltza?

Sentipenik onenen bila. Hori izaten da zailena iraupen luzeko oinazeen ostean. Norberak lehengora itzuli nahi du lehenbailehen.

Luze egin al zaizu geldialdia?

Eramangarria ez, behintzat. Ez da inorentzat gozoa. Hasieran, ezin duzu ia ezer egin. Gero, gimnasioan sartzen zara osaketa lanari ekiteko, eta bakar-bakarrik zaude. Aspergarria ere izan daiteke, egunero-egunero lan berbera egiten baita. Asteburua heltzearekin bat, jokatzeko irrika handitu egiten da, gainontzekoekin ahal bezain lasterren bueltatzeko nahia. Arazorik gabe egon nahi duzu, baina burua eta belauna ez doaz abiadura berean.

Gimnasioa begitan hartu al duzu?

Bai. Ez dut ezer jakin nahi hor barruko kontuez. Geldikako bizikleta ezin dut ikusi ere egin [barrez]. Bertatik atera eta puska batez etxera joaten nintzen. Aste batean bazirudien hobera egin zuela lesioak, baina hurrengoan berriz ere hazita neukan belauna. Ahal adina zaindu dut.

Zer aholku eman dizkizute?

Gehienek esaten didate erabat osatuta daukadala belauna, eta buruari eragiteko. Neronek sinestea falta, ordea. Inork ezin dezake jakin nik baino hobeto nola dagoen belauna.

Espanyolen egunean bertan izan zenuen haustura, ala arazoak lehenagotik zenekartzan arrastaka?

Zangoa luzatu nuen jokaldi bereizi batean, eta orduan hartu nuen min, kolpe baten ondorioz. Ez zen izan mugimendu bortitz bategatik edo. Bero nengoenez, ez nion jaramon handirik egin, baina atsedenaldian, ordu laurden geldi egon eta gero… orduan jabetu nintzen zer edo zer banuela.

Zurekin ere bete al da kanpoan zelai barruan baino gehiago sufritzen delako esaera?

Ez naiz salbuespena zaingo. Zelaian egotea askoz ere hobea da. Ez dago alderik. Goitik begiratuta, dezentez urduriago egoten naiz.

Zu mugitzen zaren eremuan, Elustondo-Aranburu-Zurutuza hirukoak sendotasun handia eman dio taldeari. Zer diozu?

Zalantzarik gabe. Bolada txar-txar hura atzean utzi eta gero, beste zerbait ari naiz ikusten. Konfiantza handiagorekin sumatzen dut taldea, nahiz eta jaitsiera postuak bi puntu atzetik baino ez egon.

Jokamolde horrekin erosoago sentituko al zara zelaian, aingura moduan jokatu beharrean, Elustondoren aurretik arituz?

Lekua galtzeko askatasun handiagoa izango nuke, eta aurrera egiteko aukera gehiago. Halere, ez du atseginago toki bat edo bestean jokatzea. Berdin zait.

Non daukazu jarrita gogoa? Zer helburu duzu?

Horrela jarraituz gero ea Granadaren aurkako partidarako iristen naizen. Ez dut esan nahi deialdian sartuko naizenik, baina ea bertan egoteko moduan nagoen. Neurketen girora itzultzeko desiratzen nago. Taldera itzuli nahi dut, beste bat izan.

Ruben Pardo izan da lehen taldean azaldu den azken gaztea. Zer ezaugarri nabarmenduko zenizkioke? Osagarriak al zarete?

Bai, bai. Erditik joka dezakegunon artean ez zait iruditzen batak besteari enbarazu egingo geniokeenik. Oso gustuko dut harekin jokatzea. Baloirik gabe laguntza onak ematen dizkizu; beti azaltzen da zuren inguruan baloi eskean. Sekula ezkutatzen ez diren horietakoa da. Baloia oinetan duenean, berriz, dotore jotzen du. Futbolaria da, inondik ere. Aurreneko urratsa egitea ez da inoiz samurra izaten. Horretan dabil, eta zer esana emango du Realean, ziur.

Zer dauka berak zuk ez daukazunik?

Ederki asko darabil baloia luzean. Bestela, nahiko antzekoak garela esango nuke.

Taldearen zelai erdia Zubietan hezi eta hazitakoa da erabat. Zer sentitzen duzu hori ikustean?

Realak beti-beti begiratu behar izan du haztegira. Zenbat eta jende gehiago atera Zubietatik, orduan eta hobeto. Goraino iristea da harrobian dabilen edonoren ametsa. Hori ez da inoiz aldatuko.

Taldeak Sevilla hartuko du astelehenean Anoetan. Sevilla aldean, Michelek bereganatu du erabateko arreta, Marcelinoren lekukoa hartu eta gero. Zer dakizu hari buruz?

Nik ez nuen jokatzen ikusi, baina badakit Real Madrileko jokalari garrantzitsua izandakoa dela. Aurreko denboraldietan Getaferen aulkian eseri da. Sevillak ahalmen handiko jokalariak dituenez, ez da nolanahiko entrenatzailea izango. Bolada eskasean sartuta egon arren, gertutik zainduko ditugu Navas, Negredo eta enparauak, gutxien uste duzunean sartzen baitizute ziria horiek. Entrenatzailea aldatu eta gero, gainera, motibatuago zelairatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.