Ivan Campo. Real Madrileko jokalari ohia

«Belaunaldi bat lortu du Realak urte luzeetan onenen pare lehiatzeko»

Realaren jardun onari esker, ilusioa berreskuratu du donostiarrak, baina gaur bihotza erdibiturik izango du, Real Madrilen ere une bereziak igaro baitzituen. Bernabeu zelaia urduritzeak eragina izan dezakeela uste du.

BERRIA.
jon eskudero
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Telebistaz, baina gogo eta grina handiz ikusiko du gaur Ivan Campok (Donostia, 1974) Real Madrilen eta Realaren artekoa. «Ikusgarria izango dela aurreikusten dut». Iragan sasoiaz geroztik, besteak beste, Mallorcako lantaldean sarturik dago donostiarra, eta larri antzean ibiliko da pantailaren aurrera garaiz iristeko. «Cadizen aurka seietan jokatu behar dugu, eta ea ordurako heltzen naizen etxera». Estimu handia dio Real Madrili, Txapeldunen Liga ere bitan irabazi baitzuen bertan. Ordea, Reala gai ikusten du Santiago Bernabeutik hiru puntuak eramateko.

Zertan da Ivan Camporen bizitza? Futbolari loturik al zaude?

Bai, ez dut uste futbolik gabe bizi ahal izango nukeenik. Niretzat berezia den toki batean nago orain: Mallorcan. Denboraldi ahaztezinak egin nituen bertan, eta, orain, teknikari eta presidentearen aholku emaile nabil. Horretaz gain, Espainiako Futbol Federazioan parte hartzen dut, zuzendaritza batzordean. Mallorcan, Madrilen eta Donostian bizi naiz, hiru tokitan. Asko bidaiatzen dut.

Hain zuzen, Madrilgo eta Donostiako taldeak lehiatuko dira gaur. Nolako partida espero duzu?

Interesgarria eta orekatua. Realari kosta egin zaio aspaldian zelai zailetan puntuak ateratzea, baina inoiz baino gertuago dagoela uste dut. Sekulako denboraldia osatzen ari da, zaleok ilusioa berreskuratu dugu, eta Real Madrilen bolada txarra baliatu dezake ustekabea emateko. Gainera, etxetik kanpo oso sendo ari dira txuri-urdinak, eta, joko aldetik, behintzat, ez dute inoren inbidiarik.

Bi taldeak asteon geratu dira Espainiako Kopatik kanpo. Zenbat eragin dezake horrek?

Onerako edo txarrerako, eragina izan dezake Kopatik kanporatu izanak. Realak nekea suma dezake, baina ezer gehiago ez. Kontzientzia lasai dute Bartzelona garaitu ez dutelako. Egoera oso ezberdina da Madrilen. Ez zuten esperoko Celtaren aurka kanporatzerik, eta giroa gaiztotuta egongo da. Zauria sendatu nahian, litekeena da jokalari zuriak gose eta motibazio handiagoz zelairatzea, baina kontrakoa gertatzeko arriskua ere izango dute.

Inork baino hobeto dakizu zer den Bernabeuren txistu hotsak entzutea. Hori komeni al zaio Realari?

Real Madrilen jokatu duen ia orok entzun behar izan ditu txistuak. Baita nik ere, baina jada ahaztua dut kontu hori. Gaur garrantzitsua izango da partidaren hasiera. Realari komeni zaio lehen minutuetan golik ez jasotzea, hartara etxeko zale eta jokalariak urduritzen hasteko. Eusebioren taldeak jokoaren ekimena eramango du, baina erne ibil dadila defentsan, Real Madrilek ezer ez baitu behar golak egiteko. Jokalari guztiak ohituta daude presiopean jokatzen, eta ez dute asko nabarituko jarraitzaileen zorroztasuna.

Zinedine Zidane entrenatzailearekin bat egin zenuen Real Madrilen. Une gaziak igarotzen ari da. Nolakoa da bera?

Pentsa, Zidanek berak ere zaleen txistuak entzun ditu. Horregatik esan dut ohituta daudela. Inor gai bada egungo Real Madril onbidean eramateko, hori Zidane da. Bikain ezagutzen ditu taldeko sekretuak eta jokalariak, eta gai da izar guztiak pozik edukitzeko. Azkenean, garrantzitsuena da jakitea talde giroa kudeatzen. Alegia, Cristiano Ronaldo, Bale, Sergio Ramos eta enparauak norabide berean jartzen, eta Zidanek badu denen errespetua. Gizon umila da, langilea, eta Real Madrilerako entrenatzaile aproposa.

Eta Reala, zer moduz ari zara ikusten?

Talde onenen pare. Jokalari gazte asko daude, eta beterano batzuez lagundurik, taldea maila izugarrian jokatzen ari da. Ohiko filosofiari eutsi dio zuzendaritzak, eta harrobia fruituak ematen ari da. Gainera, Eusebio Sacristani lasaitasuna eman diote aulkian, eta hori izaten ari da sekretua. Entrenatzaileak eskatzen duena biderkatzen ari dira jokalariak. Ez dakit talde honek muga non duen, baina lortu dute belaunaldi bat urte luzeetan onenen pare lehiatzeko.

Realean ez, baina Alavesen egin zenituen bi urte eta erdi. Harritu al zaitu egiten ari den sasoiak?

Realaren kasuan bezala, Alavesen ere lanak ongi eginak dituzte bulegoan. Maitasun izugarria diot taldeari. Nik bertan ikasi nuen zer zen benetako futbola, eta orain ilusioa egiten dit dagoen tokian egoteak. Ligan bikain ari da, eta Kopan finaletik pauso bakarrera dago. Alavesen zortea ez da final-laurdenetan Alcorcon egokitu izana. Ezta finalerdietan Celta tokatu izana ere. Zortea dauka dauzkan jarraitzaileak dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.