Beste belaunaldi batentzako oroitzapenak

Athleticek Espainiako Kopa irabazi izanak aurreko belaunaldiek kontatutako istorioak bizitzeko aukera eman die zale gazteei.

Athleticzaleek bete egin dituzte itsasadarreko bazterrak, gabarraren zain. ENDIKA PORTILLO / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko apirilaren 11
16:49
Entzun

Gabarra ateratzeko eguna dela igartzen da Bilboko kaleetan. Zuri-gorriz jantzita esnatu da hiria. Athleticeko kamisetarik ez dutenak ere klubeko koloreez jantzi dira Valverderen taldearen ospakizunen parte izateko. Turistak harrituta daude: futbolaz ezer ez dakitenek galdetu dute zergatik dagoen hainbeste jende kalean, eta futbolaz dakitenak giroaz gozatzen ari dira. Zeru oskarbi baten pean eta tenperatura epelak lagunduta, Espainiako Kopa irabazi duten jokalariak eta entrenatzaileak Bilbotik paseatuko ditu gabarrak. Hiria prest dago ospatzeko.

Goiz-goizetik bete egin dituzte itsasadarreko bazterrak athleticzaleek, txapeldunak ikusteko toki on bat hartu nahian. Gazteak lurrean eseri dira, egun osorako janaria eta edariarekin. Familia asko ere agertu dira itsasadarreko bazterrean ospatzeko. Athletic animatzeko kantuak entzuten dira une oro, baita danborrak eta turutak ere. Bandera eta bufanda zuri-gorriak nonahi. Athleticen 25. kopak zeharo aztoratu du hiria.

Jendea pozik dago, eta jai hartu du gertaera historikoaz disfrutatzeko. Oihane Placencia bilbotarrak 33 urte ditu, eta 09:00etan bildu da itsasadarrera familiarekin. Harentzat, Athletic txapeldun dela ikustea «ametsik handiena» da: «Zaleok dena eman dugu, jokalariek ere dena eman dute zelaian, eta oraingoan, eskerrak, gabarra ikustea amets bat betetzea da».

Bilboko eta Bizkaiko toki guztietatik ailegatu dira zaleak, baita kanpotik ere. Asier Eskurza Laudiokoa da, eta 33 urte ditu. Arabarra izan arren eta guraso realzaleak dituen arren, bera athleticzalea da. «Garrantzi gutxiago duten gauzen artean, garrantzi handiko gauza bat da. Urte asko daramatzagu final askotan irabazi nahian, eta hau jendez beteta ikustean konturatzen zara ez dela bakarrik futbola, baizik eta zerbait soziala, jendeak egunero arnasten duen zerbait», arrazoitu du zaleak, zeina kuadrillarekin joan den garaipena ospatzera.

Entzundako istorioak bizitzeko unea da idatzita zeukan bandera bat atera zuten athleticzaleek finalean. Gaur, belaunaldi batek istorioak idatzi egingo ditu, hurrengoei transmititzeko. Gazteak nagusi dira ospakizunetan. Haiek ez dute bizi izan gabarra atera zen aurreko aldia, baina kontatu dizkiete garai hartako bizipenak. Gurasoek eta aitona-amonek bizi izan zutena errepikatuko dute gaur, berrogei urteren ondoren.

Asier eta Jon Fernandez Sanz madrildarrak dira, 20 urte dituzte, eta Bilbora etorri dira gabarra ikustera. Aita bilbotarra dute, eta bera arduratu zen semeei zaletasuna transmititzeaz. «Giroa izugarria da. Sevillan bizi izan genuen, baina gure ametsa zen hona etortzea gabarra ikustera», esan du Asierrek. Jonek aitak kontatzen ziona gogoratu du: «Beti esan zigun orain dela berrogei urte bizi izan zuena semeek ere bizi zezatela nahi zuela. Zorionez, hemen gaude». Festaz gozatzea, argazkiak egitea eta jokalariak ikustea espero dute anaiek, baina badakite zaila izango dela, batez ere bazterretan batu den jendetzagatik.

Jon Kortazar zornotzarrak 27 urte ditu, eta Australian bizi zen, baina Euskal Herrira itzuli da Athletic ikustera: «Gabarra ikustea berezia da; hau ikusteagatik bakarrik Australiatik lehenago itzuli naiz». Athleticzale amorratua da, eta kontatu du nola ari den bizitzen gertatzen ari dena: «Konfiantza handia neukan, momentu honekin amestu dut nire bizitza osoan. Athletic nire bihotzean dago, nire odolean, eta espero dut hau errepikatzea, historia egiten ari garelako».

«Athletic txapeldun dela ikustea, berrogei urteren ostean, dena da guretzat», ziurtatu du Iciar Cobreros bilbotarrak. 60 urte ditu, eta 1984an gabarra ikusteko aukera izan zuen: «Emozio handia eta beldurra ere sentitu nuen garai hartan, batu zen jendetzagatik, baina batez ere poza». Familia gipuzkoarra eraman du Bilbora, gabarra ikustera: «Bihotzean daramagu Athletic, erlijioa balitz bezala. Txikitatik Athletic maitatzen irakasten digute, eta Athletic bakarrik, gure jendearekin jokatzen duelako. Hori da guk nahi duguna». Haren ustez, gazteei helarazi behar zaie zaletasuna.

Orduak pasatu ahala, gero eta leku gutxiago dago itsasadarreko bazterretan. Kantuak eta oihuak, gero eta ozenago. Jendeak barandetatik gero eta urrunago kokatu behar du, baina berdin zaie. Jokalariak ikusteko aukera ez badute, egun historiko honetaz gozatu ahal izango dute. Oroitzapenak sortuko dituzte datozen belaunaldiei kontatzeko, eta Athleticen garra bizirik mantentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.