Belaunaldi berria goian

Magnus Carlsen 21 urteko norvegiarra nagusitu da berriz Grand Slameko finalean, Bilbon. Fabiano Caruana 20 urteko italiarrak lehiakortasun handiko jokalaria dela berretsi du, Sao Pauloko aldea galdu arren.

Josu Tornay.
Donostia
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Fabiano Caruanari buruz gutxi hitz egin da azken urteotan. Italiar gaztea oso denbora gutxian sartu da munduko hamar onenen multzoan, eta, zaleak ia konturatzerako, gutxigatik ez du irabazi Grand Slameko finala. Magnus Carlsen norvegiarrak ezerezean utzi du Bilbon italiarrak Sao Paulotik (Brasil) zekarren aldea; berdinketa hausteko partida bizkorretan jantzi zuen, azkenean, txapela. Caruana jokalari berria da xakearen gailurrean, azken urteotan heldu diren beste batzuekin batera. Gero eta gutxiago entzuten dira, berriz, elitean lehen etengabe entzuten ziren beste izen batzuk: Vladimir Kramnik, Veselin Topalov, Viswanathan Anand...

Grand Slameko finalak belaunaldi aldaketa azaleratu du: Carlsen, Caruana, Levon Aronian eta Sergei Karjarkin ibili dira aurreko postuetan. Anand eta Francisco Vallejo, berriz, atzean geratu dira. Indiarrak, munduko txapelduna izan arren, ez du lortu partida bat bera irabazterik; 9. txandan galdu egin zuen Carlsenen kontra. Beste guztiak berdinketak izan dira. 30 urte beteta, apur bat nekatuta dago Vallejo balearra ere; hala onartu du berak torneo honetan. Erretiroa hartzea erabaki duela jakinarazi du: 20 urte daramatza etxetik kanpo jokatzen, eta nekatuta eta ilusio gabe nabari du bere burua. Carlsen, Caruana eta Karjarkin, 90eko hamarkadan jaiotakoak dira hirurak; torneo honetan Aronian izan da haiekin borrokan aritu den zahar bakarra —30 urte dauzka—; bere ibilbideko momenturik onenean dago.

Giri, 18 urterekin, indarrean

Munduko sailkapenari begiratuta, hamar onenen artean daude aipatutako hiru gazteak; haiek dira 1990ean edo geroago jaiotako bakarrak. Hori bai, zerrendan atzerago begiratuta, badaude 1990ean edo geroago jaiotako beste batzuk ere, eta abiadura handian datoz goraka. Ez litzateke ezustekoa izango hemendik gutxira Anish Giri herbeeretarra (munduko 24.a), Dmitri Andreikin errusiarra (30), Maxime Vachier-Lagrave frantziarra (41) edo Ian Nepomniastxi errusiarra (45) goi-goian ikustea. Giri da bereziki,kontuan edukitzekoa, 18 urterekin bera delako ehun onenen artean gazteena.

Anatoli Karpov eta Garri Kasparoven ostean, xakeko aginte makila hartu zutenak onenen artean daude oraindik. Munduko hirugarrena da Kramnik, zazpigarrena Anand, bederatzigarrena Vasili Ivantxuk, hamargarrena Aleksandr Morozevitx, hamaikagarrena Gata Kamski, hamabigarrena Aleksandr Grixuk eta hamahirugarrena Topalov. Baina argi dago gazteenek —hor sartu beharrekoak dira Teymur Radjabovek eta Hikaru Nakamura ere— lehen postuetatik kenduko dituztela urte gutxi barru.

Xakea beti izan da gazteen kirola. Indarra eta anbizioa dute, eta lanorduak, bidaiak eta entrenamenduak gazteek jasten dituzte ondoen. Hori bai, gazte horiek oso presente daukate jokalari beteranoekiko errespetua. Carlsenen jenialtasunaren inguruan zalantzarik ez dago, eta 2008ko urtarrilean, Bobby Fischer hil zenean, errespetuz beteriko adierazpenak egin zituen: «Oso zaila dena erraz bihurtzeko zeukan ahalmena miresten nuen beregan gehien. Bera imitatzen saiatzen naiz ni».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.