«Beldurra» da traba bakarra

Aimar Olaizolak ziurtatu du larunbatean jokatu egingo duela buruz buruko finalerdia. Besoa erabat luzatzeko arazoak dituela aitortu du, baina ez du minik. Dena den, lotura batekin babestuko du.

Aimar Olaizola, eskuinez pilota jotzeko zorian, atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan, pilota aukeraketan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Jokatuko du. Ez zen besterik espero. Aimar Olaizolak larunbatean Oinatz Bengoetxeari buruz buruko txapelketako bigarren finalerdian aurre egingo diola ziurtatu zuen atzo. «Beldurra» sumatzen du, baina minik ez, eta besoa instintiboki uzkurtzen zaiola. Partida jokatzeko, benda bat jarriko du, mugimendu erosoak egiten uzten diona, eta etzira arte jarraituko du masajea hartzera joaten.

Olaizola II.ak egon zitezkeen zalantza apurrak uxatu zituen atzo Labriten, pilota aukeraketan. Egunak daramatza masajea hartzen eta bi astez pilota ukitu gabe egon izanak mesede egin dio. «Egunez egun hobera egiten ari naiz. Garrantzitsuena buruko txip-a aldatzea da. Deseroso sentitzen naiz, baina buruan dauden minak dira batez ere. Pilota daukadan guztiarekin jotzea espero dut behintzat».

Sasoi betean jokatzeko moduan al dago Olaizola? Nekez. «Ez daukat min askorik. Besoa luzatzean tira egiten dit eta ezin dut ukondoa erabat askatu. Kolpea askatzean besoa bildu egiten zait. Beldurraren eragina da». Sasoiari buru hitz egitean Olaizolak berak esan du ez dagoela bere onenean. «Sasoi onenean egonda ere, zaila da Bengoetxeari irabaztea, eta orain nagoen bezala, oso-oso zaila». Aurkaria ez zen urrun Goizuetakoa bere buruaz hitz egiten ari zenean, eta Bengoetxeak argi utzi zuen ez dela harekin fio. «Sasoi betean ez dagoela esan du, baina nik badakit ez dela hala. Larunbatean egun handietako Olaizola izango dela badakit eta konfiantza guztia daukat ikaragarri jokatuko duela».

Benda ez da izango Olaizolak erabiliko duen babes bakarra. Aurreko lau t'erdiko finalean ezker eskuko hatz luzea hautsi zuen, eta hartaz geroztik ez du kendu babesa. Sineskeria kontua bainoago, hori ere «beldurrarentzako» babesa da. «Hori bizi guztirako dago hor [barrez]. Hatza hautsi nuenetik ez dut kendu. Babesa aldatu dut, bigunago bat jartzeko. Hori kenduta, hatza berriz ere hausteko arriskua legoke, eta beldur pixka bat ere bai».

Bengoetxeak, hala ere, ez du inolako erraztasunik espero. Sasoi onean dago, eta inspirazio bila aurretik Olaizolaren aurka jokaturiko partidak aztertu ditu. Tartean, 2008an irabazi ziona. «Ordukoan 7-0 galtzen hasi nintzen eta buelta ematea lortu nuen. Hortik aurrera bera izan zen bere maila eman zuena. Iazko finalerdietakoa ere ikusi dut, eta orduan nik ez nuen asmatu hasieran. Dejada harro batzuk bota eta neure burua saldu nuen. Berak ondo baliatu zituen agintzeko. Olaizolak oso ondo mugitu zuen pilota, eta apurka gastatu egin ninduen». Pilotei dagokienez, ez zen arazorik egon, oso desberdinak aukeratu zituzten arren.

Apustuak, parean

Oinatz Bengoetxea joko une onean dago, eta Salva Bergara berak esan du Olaizolak baino «indartsuago» ikusi duela entrenamenduetan. Askok diote txapeldun izan zenean bezain ondo dagoela. Berak ere hala uste du. «Gutxi gorabehera bai. Oso ondo sumatzen dut neure buruan kantxan. Urte hartan ongi nengoen, eta aurten ere bai». Baten sasoia eta bestearen zalantzak pilotazaleen ustean barneratu dira, eta apustuetako dirua parean irtengo da. Ondo bidean, Olaizolaren alde beharko luke. «Olaizolaren aldeko joera txikiarekin, halere», zehaztu zuen atzo Labriteko harmailetan eserita zegoen artekari batek. Harmaila horiek bete egingo dira larunbatean, edo ia, sarrera dezente saltzen ari direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.