«Ez dakit bigarren izateak postu horrek ustez ekarri beharko lukeen onurarik ekarriko digun». Baskoniako Dusko Ivanovic entrenatzaileak botatakoa da, ostegun gauean, Partizanen aurkako partida bukatu eta berehala. Hona adierazpen horien zergatia: Euroliga inoiz baino parekatuagoa dago sasoi honetan. Beste modu batera ere esan liteke. Talde handi batzuek ez dute aurreko denboraldietako nagusitasunik erakutsi, eta haien sailkapena ez da espero zena izan. Bartzelonaren adibidea da argiena. Kataluniarrak beren multzoko hirugarren postuan sailkatu dira, eta urtarrilaren 4an hiri hartan egingo den zozketako mamua bilakatu da talde askorentzat.
Baskoniarentzat, adibidez. Bigarren postuan sailkatu dira arabarrak, eta Bartzelonarekin pareka daiteke Top 16an. Aintzat hartu behar dira 16 talde onenak lau multzotan erabakiko dituen zozketak dituen arau garrantzitsu bi. Lehenak dio lehen fasean elkarren aurka jokatu duten bi talde ezingo direla berriro Top 16an elkartu. Bigarrenak, herrialde bereko taldeei egiten die erreferentzia. Herrialde bereko ACB ligako ordezkari bi ezin dira multzo berean egokitu, teorian, baina bigarren baldintza hori betetzea ezinezkoa da, Top 16ko bost talde Espainiako ligako ordezkariak izango baitira: Real Madril, Baskonia, Bartzelona, Unicaja eta Valentzia. Gutxienez multzoren batean ACB ligako bi ordezkari elkartuko dira. Bartzelonarekin topatzeko arriskua dakar egoera horrek.
Arriskua, Bartzelonaz gain beste talde indartsu bat ere egokitu zaiolako Baskoniari. Multzoko lidergoa lortuduten hiru talde handietako bat, hain zuzen ere: Panathinaikos, Olympiakos eta Montepaschi Siena. Zozketa txar-txarra, beldurgarria izan liteke Baskoniarentzat, hiru talde horietako batez gain Bartzelona ere multzo berean sartzen bada. Kontuak errazak dira. Top 16an multzo bakoitzeko bi onenek lortuko dute final-laurdenetako txartela. Panathinaikos, Bartzelona eta Baskonia batera egokituz gero, arabarren aukera ikaragarri murrizten da, hiruretako batek etxerako bidea hartu beharko duelako.
Itxaropenerako tartea
Zozketak, dena den, itxaropenerako tartea ere uzten du. Bartzelona saihestea da gakoa. Bartzelona bezala, Efes Pilsen eta Unicaja ere euren multzoetako hirugarren postuetan sailkatu dira, eta bi talde horiek ere Baskoniaren aurkari izan litezke Top 16an. Ez dira kontrario samurrak, baina ez dute Bartzelonak adinako beldurrik eragiten. Bi talde horiek Baskoniaren balantze berarekin bukatu dute lehen fasea: bost garaipen eta bost partida galduta. Efes Pilsenen aurkako balizko parekatzeak pizgarri asko ditu: Velimir Perasovic da entrenatzailea eta Igor Rakocevic taldeko izarretako bat. Biak Baskoniako ikur izandako jokalariak.
Indartsuenen galbahea azaldu dugu. Hirugarren geratu direnen artekoa ere bai, eta bat falta zaigu: laugarren postuan sailkatu direnen taldeena. Hiru izen eta hiru errealitate topatuko ditugu: Lottomatica Erroma, Power Electronics Valentzia eta Lyetuvos Rytas. Italiako taldeak beste biek baino erosoago lortu du sailkapena, 5-5eko balantzeari esker, baina Valentziak eta Lyetuvosek azken jardunaldia arte itxaron behar izan dute. Dusko Savanovicek azken segundoan lortutako hiruko bati esker dago barruan Valentzia, eta Sarunas Jasikevicius handiaren itzulerari esker Lyetuvos.
Eskatzeko baimena emanez gero, multzo hau litzateke gustukoena: Panathinaikos, bere zailtasunean aurreko sasoietan baino okerxeago ari dela dirudielako; Unicaja, Baskonia baino talde apalagoa delako, eta Top 16a handi geratzen zaiolako. Azken aukera Erromako Lottomatica izanen litzateke. Lehen fase txukuna jokatu dute, baina Valentziak eta Lyetuvosek talde hobeak dituzte, eta gorantz egiteko lehengai hobea dute.
Zozketa urtarrilaren 4an izango da, Bartzelonan, 13:00an. Lau taldeek elkarren aurka jokatuko dute, etxean eta etxetik kanpo. Top 16a urtarrilaren 19an hasiko da, eta martxoaren 3an bukatuko. Hiru partida Kopako txapelketen aurretik, eta bost ondoren. Multzoko bi onenek jokatuko dituzte final-laurdenak.
Beldurra edo zortea
Panathinaikos, Olympiakos, Siena, Unicaja, Efes, Bartzelona, Lottomatica, Valentzia eta Lyetuvos Baskoniaren balizko aurkariakUrtarrilaren 4ko zozketak final-laurdeneko bidea ikaragarri leundu edo zaildu dezake
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu