Beldurra ematen du Osasunak gaur Nafarroako Erresuman izango duen aurkariak. Iruñean inoiz galdu ez duen talde bakarretakoa da Malaga, zortzi bisitetan lau aldiz irabazi eta lau aldiz berdindu baitute espainiarrek Osasunaren zelaian. Aurrekariez gain, ordea, sasoi honetako estatistikek ere beldurra ematen dute. Malagak zazpi puntu bildu ditu lehen zazpi jardunaldietan, eta puntu guztiak etxetik at jokatu dituzten hiru partidetan bildu dituzte Jesualdo Ferreiraren jokalariek. La Rosaledan jokatutako lau partidak galdu egin ditu Malagak, baina etxetik at erakustaldiak eman ditu -Zaragozan lehen ordu erdian 0-5 aurreratu zen-, eta hiru partidatan bi aldiz irabazi eta behin berdindu du.
Jose Antonio Camachoren jokalariak jakinaren gainean daude. Eta jaitsiera postuetatik irteteko nafarrentzatezinbestekoa da gaur hiru puntuak batzea. Irabaziz gero, besteak beste Malagari hartuko diote aurre sailkapenean. «Oso ondo landutako talde indartsua da Malaga. Ondo ezagutzen ditut entrenatzaileak. Jesualdoren laguntzailea neurekin izan nuen lanean Benfican, eta badakit inoren aurrean kikildu gabe ondo lan egingo dutela». Etxetik kanpo oso talde indartsua dela gogorarazi du Camachok. «Aurrealdean abiadura ikaragarria dute, eta kontraerasoetan min handia egin dezakete. Hutsik ez egitea da gakoa, eta, eginez gero, Malagaren area inguruan egin ditzagula». Entrenatzaileak onartu du «zaila» izango dela irabaztea. «Baina, guretzat, oso partida interesgarria da, irabaziz gero bederatzigarren posturaino igo gaitezkeelako, eta galduz gero sortuko litzatekeen ezkortasuna uxatuko genukeelako bide batez».
Malagaren arriskuaz jakin baharrekoak badakizki Osasunako entrenatzaileak, eta jokalariek ere bai. Baloiaren jabetza Osasunarena izango da, baina horrela eroso aritzen da Malaga eta erne ibili beharra dute gorritxoek. Hargatik, gorabehera handiko taldea da Malaga. Muturretik muturrera dabil Jesualdo Ferreiraren taldea sasoi hasiera honetan. Zazpi partidatan hamahiru gol sartu ditu, eta Real Madrilen eta Vila-realen atzetik gol gehien sartu duen taldea da. Rondon -gaur ez da ariko-, Quincy, Juanmi, Fernando eta enparauak trebeak dira golak sartzeko orduan. Hargatik, Osasunaren zorionerako, gauza txarrik ere badu Malagak. Zazpi jardunaldiotan hamasei gol jaso izanak argi uzten du hori. Ligako talderik txarrena da Malaga arlo horretan, Levantek eta Zaragozak baino lau gol gehiago jasota.
Ferreirak hitz gozoak izan zituen gorritxoentzat herenegun: «Camachoren ukitua dauka taldeak, oso oldarkorrak dira, joko zuzena egiten dute, asko landutako taldea da, eta emaitzek erakusten dutenez, oso aurkari zaila». Azaroan zortzi urte beteko dira Camachok Benfican Ferreiraren lekukoa hartu zuenetik. Gero Bragako Sportingekin eta Portorekin neurtu zituen indarrak Ferreirak Benficaren aurka, Camacho entrenatzaile zela. Begirune handia dio Ferreirak Camachori.
Espainiarrak ez dauka erabakita hasierako hamaikakoa. Atzo goizeko lan saioan hainbat proba egin zituen entrenatzaile espainiarrak, eta aurrelariak zein izango diren eta euskarri bikoitzean Nekunamen bikotea nor izango den ez dago batere argi. Zalantza nagusia Walter Pandianiren parte-hartzea da. Atzo egin zizkioten proba guztietan ustezko titularrekin aritu zen aurrelari uruguaitarra, baina entrenamendua amaitzeko minutu gutxiren faltan kolpe bat hartu zuen, eta taldekideek baino lehenago erretiratu behar izan zuen aldageletara.
Hemeretzi jokalari deialdian
Camacho ezkor azaldu zen aurrelariak jokatu ahal izango duen galdetu ziotenean, eta, badaezpada, hemeretzi jokalari sartu zituen deialdian. Azken unean hartuko dute erabakia. Pandianik jokatzen ez badu, Vadocz, Aranda eta Lekicen artetik bi jokalari aukeratu beharko ditu entrenatzaileak. Beste zalantza zelai erdian dago. Euskarri bikoitzean Nekunamen ondoan aritzeko bi hautagai daude: Soriano eta Puñal. Azken horrek jokatuz gero, Jose Manuel Etxeberriaren ondotik Osasunaren elastikoarekin partida ofizial gehien jokatu duen bigarren jokalaria izango da Uhartekoa. Atzealdean ez da berritasunik izango, eta Masudek beteko du Camuñasen hutsunea.
Beldurra ematen du
Osasunak garaipena behar du gaur etxean, jaitsiera postuetatik atera ahal izateko, baina Malaga bikain ari da etxetik kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu