Txirrindularitza. Italiako Giroa

Beldurra jarri da lider

Andrei Amador portugaldarrak irabazi du Alpeetako lehen etapa gogorra, eta Ryder Hesjedal jarri da lider, eraso indartsua jotaMikel Nievek erasoa jo du hiru kilometro falta zirela, baina lehertuta geratu da azkenean

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Taldeburu bakar batek ere ez du seguru esango bera dela aurtengo Italiako Giroko txirrindularirik indartsuena. Eta esaten badu, egia osoa aitortzen ari ez den seinale. Cherasco eta Cervinia arteko Giroko 14. etapa da horren erakusgarri. Helmugara iristeko hiru kilometro falta zirela eraso indartsua jo zuen Ryder Hesjedalek (Garmin), eta kanadarra bera jarri da lider, Joaquim Rodriguezekiko (Katuxa) bederatzi segundoren aldearekin. Zale gehienen buruetan, ordea, faboritoen zerrendan bosgarren-seigarren postuan egongo da oraindik Garminekoa. Atzo arteko liderrak ere, Rodriguezek, jo zuen erasoa azken igoeran, baina bide erdian geratu zen haren ahalegina. Itzuli handietan beti lehertzen da mendate luzeren batean, eta lehen sintomak ez ote dira atzokoak?

Liquigas ari da Giroko ardura hartzen, baina erasorik jo gabe jarraitzen du Ivan Basso taldeburuak. Atzo ere itzalean geratu zen. Benetan ondo al dago? Liderraren erasoari erantzunez, Michele Scarponi (Lampre) ibili zen indartsuen Cervinian gora; baina sailkapeneko galera berreskuratzeko gai izango ote da aurrerantzean? Roman Kreuziger da Astanako taldeburua edo Paolo Tiralongorengan daukate konfiantza handiagoa? Skykoek, bi izanda, ez ote zuten estrategia erasokorragoaren alde egin behar Sergio Luis Henao eta Rigoberto Uranekin? Giroa argitzen hasi behar zuen etapak are gehiago nahasi zuen sailkapena, eta beldurra jarri da lider. Ikuslea atera da berriz ere irabazle, orekak ikusgarritasuna emango diolako Giroari.

Taldeburu guztien gainetik, ordea, Andrey Amadorrek (Movistar) merezi du aparteko azalpena. Saiatu zen Giroa hastearekin batera; saiatu zen orain hiru egun; eta saiatu zen atzo ere. Taldeburu argirik gabe ekin zion Movistarrek Giroari, eta bi etapa garaipen lapurtu dizkiote dagoeneko; sailkapen nagusian goi-goian jarraitzen du, gainera, Beñat Intxaustik. Faboritoen ondoan iritsi zen helmugara.

Mendiko lehen etapa gogorra zela jakitun, kosta egin zen ihesaldia sortzea. 51 kilometro egin zituzten lehen ordubetean —ordurako etxera joanda zeuden esprinterretako hiru: Matthew Goss (Greenedge), Mark Renshaw (Rabobank) eta Juan Jose Haedo (Saxo Bank)—. Zortzi lagun joan ziren azkenean ihesean, Amador bera, Jan Barta (NetApp) eta Alessandro De Marchi (Androni) tartean. Col de Joux Giroko lehen mendate gogorrean sakabanatu zen zortzikoa, tropela hamahiru minutu atzerago zela. Barta joan zen aurrera, dena emanda, eta txekiarra igaro zen lehen postuan pankartapetik. Behartu samar zihoan, ordea. Goraka egin ezin izan zuena egin zuen Amadorrek aldapa behera, txekiarra harrapatu eta bakar lanean joan zelako aurrera, garaipena buruan zuela.

Hesjedalen eraso sendoa

Atzean egurrean hasita zeuden ordurako Jose Rujano (Androni) eta Damiano Cunego (Lampre). Urrutitik jo zuten erasoa biek, baina errepidearen gogortasunak eta Liquigasen erritmoak jarri zituen biak bere lekuan. Amadorrek aurrean ekin zion Cerviniako igoerari, baina De Marchi gerturatu zitzaion lehenengo, eta Barta gero. Tropelarekiko aldea kontrolatuz joan ziren hirurak, lehertuta, eta, hotz jokatuta, ondo menderatu zituen biak amaieran.

Aurretik tropelean erasoka hasita zeuden Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi) eta Marzio Brushegin (Movistar). Hori bai, azken lau kilometroetan sartuta iritsi ziren erasorik sendoenak. Rujanok jo zuen bigarrenez, Gianluca Brambillak (Colnago) atzetik, eta hari segika joan zen Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi), ausart... Hesjedal iritsi zen arte. Indartsu dago kanadarra, eta kontuz harekin, liderra ere ez zelako gai izan harengana iristeko. Lecco Piani dei Resinelli gogorrean amaituko da gaurko etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.