Beldurraren bi aurpegiak

Bartzelona nagusi izan da jokoan, eta aukera on dezente sortu du, baina Kopenhagek asko estutu du azken minutuetan

unai zubeldia
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
45 minuturen bueltan 11 aukera on-on sortzeko gai den taldea ez da edozein. Baina dena galduta daukan taldeak Bartzelona handia estu hartzea ere ez da gutxi. Kopenhagek beldurtuta hasi zuen Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldiko partida, gehiegizko errespetuarekin, baina bigarren zatian Bartzelona bera geratu zen beldurtuta, 67. minutuan N'Doyek baloia langara bidali zuenean. Jokoan eta baloi jabetzan nagusi izan zen Bartzelona lehen zati guztian, baina bigarrenean lotsagabe jokatu zuen Kopenhagek. 1-0. Bartzelonarentzat hiru puntu gehiago. Baina zalantza asko geratu dira airean.

Pausoan jokatuta, baloia gehiegi erotu gabe, 11 aukera argi sortu zituen atzo Bartzelonak lehen 45 minutuetan. Gola usaindu ere ez zuen egin Kopenhagek lehen zati horretan, eta usaintzeko zorian izan zenean, Santinek profesional batek egin ezin duena egin zuen, 27. minutuan. Bartzelonak utzitako zulo bakarra baliatuta, ezker hegaletik erdiratu edo zuzenean arean sartzeko aukera zeukan aurrelariak. Baina marrazainak jokoz kanpo adierazi zuelakoan geratu, eta gol aukera ona ezerezean geratu zen.

Hiru aukera on Kopenhagek

Erraz hasi zen Bartzelona, ukitu eta ukitu. 5. minuturako sortu zuen lehen aukera argia, eta, gehiegi behartu gabe, 19. minutuan iritsi zen lehen gola. Iniestak area ertzean utzi zion baloia Messiri, eta argentinarrak urrutitik, ezkerrez, gol bikaina sartu zuen. 1-0. Eta etxekoen erritmoa gora. Bartzelonak goi-goian ito zuen Kopenhage, eta beste bospasei aukera argi sortu zituen. Horietako bitan gola sartu zuten Villak eta Messik, baina jokoz kanpo zeuden biak.

Erabat nagusi bai, baina 1-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira, eta Santin 1-1ekoa lortzeko zorian izan zen 48. minutuan. Gutxigatik ez zen iritsi Vingaarden erdiraketara. Tentsio puntu bat eman zion jokaldi horrek partidari, eta minutuak igaro ahala, partida berdindu zezakeela sinesten hasi zen Kopenhage. 67. minutuan izan zuen lehen aukera argia, baina N'Doyek langara bidali zuen baloia, eta Santinek, bakar-bakarrik zegoenean, buruz, kanpora. 74. minutuan Bolañosek eduki zuen gol aukera ona. Eta 87. minutuan Kvistek, Pinto aurreratuta ikusi ondoren, oso gutxigatik kanpora bidali zuen baloia. Beldurtuta zegoen aurkariaren kontra beldurtuta egon zen Bartzelona, eta Messiren bigarren gola gorabehera (92. min.), hausnartzeko partida izan zen atzokoa.

Gainerako partidei dagokienez, Schalke 04k 3-1 irabazi zion Hapoel Tel Avivi, eta Raulek bi gol sartu zituen. Bi gol horiei esker, Europako lehiaketetan gol gehien sartu duen jokalaria da jada Raul, Gerd Muellerrekin batera. 69 gol sartu dituzte biek.



Bartzelona 2

Kopenhage 0

Bartzelona. Pinto; Alves, Pique, Puyol, Abidal; Mascherano, Busquets, Maxwell (Pedro, 73. min.); Messi, Villa (Xavi, 73. min.) eta Iniesta (Keita, 90. min.).

Kopenhage. Wiland; Pospech, Zanka, Antonsson, Wendt (Larsson, 89. min.); Vingaard (Bolaños, 63. min.), Kvist, Claudemir, Gronkjaer; N'Doye eta Santin (Zohore, 75. min.).

Golak. 1-0. Messik (19. min.); 2-0. Messik (92. min.).

Epailea. Stephane Lannoy. Txartel horiak Bartzelonako Xaviri, eta Kopenhageko N'Doyeri eta Pospechi.

Bestelakoak. 85.000 ikusle inguru Bartzelonako Nou Camp futbol zelaian, Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako hirugarren partidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.