Beldurraren partidak

Miarritzek Lyon hartuko du gaur, eta Baionak Briveri egingo dio bisita; biak ala biak aurkari zuzenak dira

Julien Peyrelongue, baloiarekin, Perpynaren aurkako partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Miarritzek eta Baionak anitz izanen dute jokoan arratsalde honetan, Top 14ko zortzigarren jardunaldian. Miarritzek Lyon hartuko du etxean (14:15), eta Baiona Brivera joanen da (14:15). Bi euskal taldeak sasoi hastapen txarra ari dira egiten, eta azken postuetatik urruntzeko parada izanen dute. Biek, gainera, mailari eusteko aurkari zuzena den talde bat hartuko dute:Lyon eta Brive. Galtzaile ateratzen denak kolpe handia jasoko du, eta bi partidak tentsioz beteak egotea espero da.

Zazpi jardunaldi jokatu eta gero, Miarritze sailkapeneko azken postuan dago. Balantzea ezin txarragoa da, partida bakarra irabazi baitu. Joan zen astean, gainera, oso itxura txarra eman zuen Briveren zelaian, mingarriro galdu baitzuen (32-7). Miarritzek etxean jokatzea baliatu nahi du gaur berriz ere puntuak lortu eta konfiantza pilatzen hasteko. Ez da ahantzi behar asteburu honen ondotik Clermontera joan beharko duela. Oso zaila izanen da sailkapeneko bigarren taldearen etxean emaitza ona lortzea, eta gaur puntuak batu beharko dira.

Xuri-gorrien aurkaria, Lyon, azken-aurreko postuan dago. Bigarren Mailatik igo berria da, eta kostatzen ari zaio Top 14ari neurria hartzen. Gainera, oso ahulduta etorriko da. Birus batek sei jokalari ohean utzi ditu, hortz hobietako minez: «Egunero beste kasu bat agertzen da. Ez dakit zein jokalari ekartzen ahalko ditudan Miarritzera», onartu zuen atzo Raphael Saint-Andre kirol zuzendariak. Miarritzek pasatzen utzi ezin dezakeen parada du, irabazteko behar gorria baitu.

Baiona, Brivera

Baionak Brive sailkapeneko bederatzigarrenaren etxean jokatuko du. Baionarrak ez daude miarriztarrak baino askoz hobeki, eta joan zen astean galdu izanak hautsak harrotu ditu (17-26). Michel Cacouault presidenteak gogor kritikatu ditu jokalariak, eta zelaitik kanpo izan diren parranda eta borroka polemikoak gaitzetsi. Entrenatzaileei abendua hasi arte eman die egoera zuzentzeko.

Baionarrak tentsiopean dabiltza, baina Brive konfiantzaz dago. Iragan astean Miarritzeri erraz irabazi ondotik, bolada onari eutsi nahi dio. Aitzinean sendo aritu zen, baina gibelean aparteko deusik ez zuen egin. Aitzinean erantzunez geroz, Baionak emaitza ona lortzen ahalko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.