Bartzelonak sufritu egin zuen. Gorriak ikusi zituen. Lehen zatia beldurtuta amaitu zuen. Eta ez da gutxi. Athleticen meritua nekez neurtu daiteke lerro gutxitan. Espainiako Kopako final-laurdenetako joaneko partidan, San Mamesen, 1-2 galduta, zuri-gorriek mirariren bat behar zuten aurrera egiteko. Eta, Williamsek 12. minutuan sartutako golarekin, kataluniarrek tentsioan amaitu zuten lehen zatia. Indarrak desagertu artean, inork ez bezala desegin zuen Athleticek Bartzelona, eta goratzekoa da hori. Ez, horrek ez dio emango titulurik, baina zaleek ondo gogoan izango dute bilbotarren lehen zati ikusgarria.
Esandakoa egiten du, normalean, Athleticek. Jakina zen presioa goi-goian egin eta Bartzelona bere arean sartzen saiatuko zela, gol goiztiarren batekin aurkaria urduritzeko. Eta zuri-gorriek lan harrigarria egin zuten lehen zati guztian. Sei-zazpi jokalarirekin presioa eginez, ezerezera mugatu zuen Bartzelonaren sormen jokoa, eta gozatu egin zuen Camp Noun. Talde gutxik esan dezakete hori, baina Athleticek lortu zuen. Lekue eta Williams eskuin hegaletik, eta Balentziaga eta Susaeta ezkerretik, nahi izan zuten guztia eginez iritsi ziren erasora. Behin eta berriz. Eta lauko horri Adurizen jokoa gehituta, 12. minuturako 0-1 aurretik jarri ziren bilbotarrak. Herrerinek luze atera, Adurizek baloia kontrolatu, lerro artean pase neurtua bidali Williamsi, eta baloia sareetara. Zoragarria izan zen gola.
Vermaelen eta Mathieu galduta, eta Mascherano Busquetsen lana egin ezinik, talde lau-laua bihurtu zen Bartzelona. Williamsek sartu zuen lehen zatiko gol bakarra. Baina bigarrena ere gertu izan zuten zuri-gorriek. 4. minuturako baloia sareetara bidaltzeko zorian egon zen Aduriz, Williamsen erdiraketa jasota; 15.ean Erasok eduki zuen aukera ona erdilariaren pasea jasota; Susaetak zeruetara bidali zuen errematea 21.ean, Balentziagaren erdiraketan Adurizek buruz baloia irabazi ondoren; Williamsek oker egin zuen jaurtiketa 31. minutuan, Sergi Robertori baloia lapurtuta... Grina, intentsitatea eta bihotza. Dena egin zuen ondo Athleticek.
Neymarrekin, erreakzioa
Bartzelonak, berriz, pare bat jokaldi besterik ez zituen josi lehen zati guztian. 9. minutuan epaileak baliorik gabe utzi zuen Vermaelenen gola, korner baten ondorengo burukadan —falta argia egin zion Mikel Ricori—. Eta Neymarren eskutik iritsi zen gero erreakzio txikia. Lekuek baloia galdu, Neymarrek hartu, eta falta argia egin zion Balentziagak, eta txartelaren kolorearekin zalantzaren bat edo beste izan zuten zale askok eta askok. Horia ateratzea erabaki zuen epaileak. Brasildarraren bi jaurtiketarekin amaitu zen lehen zatia; Athleticen lehen zati on-ona.
Baina beste erritmo batekin zelairatu zen Bartzelona bigarren zatian. Eta, Rakiticen abisuaren ondoren, Luis Suarezek lortu zuen 1-1ekoa, 53. minutuan. Sergi Roberto eta Messirekin, ohiko Bartzelona agertu zen jokaldi horretan. Merino eta Erasoren eskutik, eduki zuen Athleticek aukera bikoitza luzapena behartzeko, baina, normala denez, lehertuta amaitu zuen partida. Herrerinen geldiketek bizirik mantendu zuten taldea, baina Piqueren golak (81. min.) ezerezean utzi zuen bihurtzear zegoen gau magikoa. Neymarrek eman zuen gero errematea (91. min.).