Munduko Kopa

Belgikak hautagaitza aurkeztu du, Tunisiari 5-2 irabazita

Hazardek, Lukakuk eta Batshuayik sartu dituzte belgikarren golak; Bronnek eta Khazrik sartu dituzte Tunisiarenak.

Meunier Belgikako erdilaria, Lukakuri 31eko gola egiteko pasea ematen, Tunezen kontrako partidan. ABEDIN TAHERKENAREH, EFE
2018ko ekainaren 23a
16:49
Entzun

Munduko Txapelketa irabazteko faboritoen artean tokia irabazi du Belgikak. Sendo agertu zen lehen partidan, Panamari 3-0 irabazita, eta beste gol sorta batekin gailendu zaio Tunisiari (5-2).

Belgikako taldeak joko bizia egin du hasieratik, eta Tunisia ez da kikildu. Lehiari eutsi dio partida amaitu den arte, baita aurkariaren nagusitasunak markagailuan aldea ezarri duenean ere.

Hazardek egin du neurketako lehen gola, 6. minutuan, penaltiz. Aldea handitu du Lukakuk 16.ean, Tunisiak baloia galdu ondorengo jokaldi azkarrean. Magrebeko taldeak ez du etsi, ordea, eta minutu bakarrera berdindu du Bronnek, buruz.

Lehen zatia amaitzear zela, luzapenean handitu du aldea Belgikak berriz ere. Munier erdilariak pase bikaina eman dio Lukakuri area barnera, eta aurrelariak baloia altxatu du, Tunisiako atzelariak ez ukitzeko adina.

Bigarren zatian, indartsu atera da Belgika. Alderweirelden pase batek atezainaren aurrean jarri du Hazard 50. minutuan. Bi atzelari gainean izanagatik, maisuki saihestu du atezaina, eta 4-1ekoa jarri du markagailuan.

90. minutuan egin du Belgikak bosgarrena. Tielemansen erdiraketa bat bidali du sareetara Batshuayk.

Tunisiak 93. minutuan apaindu du zertxobait emaitza, Khazriren golari esker.

Belgikak ahala erakutsi du edozein selekziori aurre egiteko, eta faboritoen artean sailkatu beharreko taldea dela berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.