Atsedenaldia iristear zela Thorgan Hazardek sartu duen gol batekin, Belgikak 1-0 irabazi dio Portugali Eurokopako final-zortzirenetan. Azkeneraino lehiatu dira portugaldarrak, baina ez dute berdinketaren gola sartu, eta azken txapelketako irabazleak etxerako bidea hartu du. Belgikak eta Italiak elkarren aurka jokatuko dute ostiralean.
Lehen zatian parez pare aritu dira bi taldeak. Gol aukera gutxi izan dira Hazardek 42. minutuan jaurtiketa bikain batekin Belgika aurreratu duen arte. Markagailuan aurretik izan den unetik, partida kontrolatu du Belgikak, tarteka, kontraerasora ateratzen saiatuz.
Bigarren zatian saiatu da Portugal markagailua berdintzen. Cristiano Ronaldok, ordea, ez du zorterik izan. Thibaut Courtois atezainak Ruben Dariasek buruarekin jaurti duen baloi bat gelditu du 82. minutuan, eta minutu bat geroago Raphael Guerreiro izan da Portugalen gola sartzear izan dena; jaurtiketak, ordea, zutoinean jo du.
Eguneko beste partidan, Txekiako Errepublikak ezustekoa eman du, eta Eurokopatik kanpo utzi ditu Herbehereak.