Munduko izena jarri diote, halabeharrez, baina Belgikako Koparen parekoa izango da denboraldi honetakoa. Bihar hasiko da ziklo-kroseko Munduko Kopa, Taborren (Txekiar Errepublika), eta zortzi proba jokatuko dira, urtarrilaren 20an Hoogerheiden (Herbehereak) amaitu bitartean. Zdenek Stybar txekiarra (Omega Pharma) eta Lars Boom herbeheretarra (Rabobank) errepidera begira daudela —proba gutxitan parte hartuko dute—, Belgikako hirusta bat dago guztien gainetik: Niels Albert (BKCP-Powerplus), Kevin Pauwels (Sunweb-Revor) eta Sven Nys (Landbouwkrediet). Ezuste ikaragarria litzateke Munduko Kopa hiru belgikar horietakoren batek ez irabaztea. Euskal Herriak galera handia izan du denboraldi honetan, krisiak eraginda Igorreko proba Munduko Kopatik kanpo geratu delako. Roubaixekoa (Frantzia) sartu dute Bizkaikoaren ordez. Lievinen (Frantzia) lekua, berriz, Erromak hartuko du sasoi honetan.
Denboraldi-aurreko lana eta lehen probetako emaitzak aztertzea izan ohi da txukunena aurreikuspenak egiteko, eta zerrenda horietan Nys eta Albert ageri dira goiko muturrean. Hiru proba irabazi ditu beterano handiak, Neerpelten, Kalmthouten eta Ruddervoorden, azken hori Superprestigioko lehen proban —Albertekin esprintean iritsi da hiruretan—; eta joan den asteburuan Ronsen (Belgika) gailenduta ekingo dio Munduko Kopari gazteak. Bi horien artean bada beste bat oso kontuan hartzekoa; aurreko denboraldian Munduko Kopa irabazi zuena: Pauwels. Irabazi ez arren, oso erregular aritu da belgikarra, eta, ondo bidean, hark estutu beharko lituzke gehien beste biak.
Zaila ematen du behetik gora datozen beste txirrindulari batzuk hiru horien parean jartzea: Lars van der Haar (RaboGiant OffRoad), Klaas Vantornout (Sunweb-Revor) —herenegun aurrea hartu zien Nys eta Alberti—, Radomir Simunek (BKCP-Powerplus), Sven Vanthourenhout (Landbouwkrediet), Tom Meeusen (Telenet-Fidea), Bart Wellens (Telenet-Fidea), Francis Mourey (Francaise)... Koska bat edo pare bat beherago daude gehienak.
Murgoitio, Munduko Kopan
Munstro horien artean ibiliko dira Egoitz Murgoitio (Hirumet), Javier Ruiz de Larrinaga (MMR Spiuk) eta Aitor Hernandez (Orbea). Murgoitiok soilik egingo du Munduko Kopa osorik; Ruiz de Larrinaga azken seietan lehiatuko da; eta Hernandezek zail dauka probaren batera joatea. Espainiako Superprestigioan eta euskal egutegian lehia estua izango dute hirurek, Jonathan Lastra, Iñigo eta Ion Gomez, Erlantz Uriarte edo Aketza Peñaren baimenarekin. Hurrengo larunbatean hasiko da euskal egutegia, Lezaman (Bizkaia) , eta urtarrilaren 27an amaituko da, Ispasterren (Bizkaia).
Belgikako Koparen pare
Bihar hasiko da ziklo-kroseko Munduko Kopa, Taborren; krisiaren eraginez, maila gorenetik kanpo geratu da Igorreko probaHistorian lehen aldiz, AEBetan jokatuko da Munduko Txapelketa, otsailaren 2an eta 3an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu