Beloki delako ez diote txistu egin

Burlatakoak saketik hamar tanto jasota eta oso irudi kaskarra emanda galdu du Olaizola I.aren aurka

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Arratsalde gogorra izan zen atzokoa Ruben Belokirentzat. Ahazteko modukoa; azken hilabeteen antzekoa. Urtea ezin okerrago hasi du Burlatakoak eta atzo jo zuen hondoa. Beotibarren, buruz buru, Asier Olaizolaren aurka. Irudi kaskarra eman zuen, ezintasunaren isla. Aspaldian jasotako bizkarrekorik gogorrena. Ez zegoen buruz buru jokatzeko moduan. Partida hasi aurretik hartu zuen erabaki okerra. Partodaren ostean onartu zuenez, duela egun gutxi pilota bat sartu zitzaion ezker eskuan. Eskuina ere ez zuen oso santu, pilotalekutik hiru hilabetez aldendu baitu. Erritmorik gabe, trakets. Ez zuen irabazteko inolako aukerarik izan, eta hasierako 0-11koak grina tanta bakanak lehortu zizkion.

Beotibar ia goraino bete zen atzo, jaialdia erakargarria zen, eta euriak egin zuen beste guztia. Gerturaturikoek, baina, ez zuten espero zutenik ikusi. Beloki pilotari handia da, eta ibilbide izugarria egin du. Historiara igaroko da, eta haren izenak eragotzi zituen atzo txistuak. Ez zuten txistukatu, errespetua da. Belokiri ezin zaio nola edo hala txistu egin. Olaizolak, berriz, espero baino partida errazagoa izan zuen. Dena den, ezin meriturik kendu, Goizuetakoa kolpe freskoarekin dabil, eta sasoiz ondo dago. Atzo Belokik ia ez zuen behartu, baina estutu zion tanto bakanetan ondo aritu zen. Patxi Eugi izango du kontrario bi aste barru.

Olaizolak hasi bezain laster erabaki zuen partida. Hamaika tanto jarraian katedraren ustea berresteko (0-11). Dirua urdin irten zen ezustean, eta horrek apustu zale asko harritu zituen. Norbaitek zerbait zekien Belokiren inguruan. Berehala ikusi zen, lehen zazpi tantoetatik sei saketik jaso zituenean. Gehienak ezkerrez eraman beharrekoak. Iragan asteko entrenamendu batean txapeldun ohiari pilota bat sartu zitzaion ezker eskuan, eta badaezpada ere azken egunetan errestorik ez entrenatu arren ez zen behar bezala sendatu.

Erritmo faltak egin zuen beste guztia. Belokik partida bakarra jokatu du azken hiru hiletan, eta gehiegi nabaritu zitzaion. Hori gutxi ez, eta Olaizolak ez zuen errukirik izan. Ondo sakatzeaz gain, bortitz aritu zen piloteoan, eta tantoa bukatzean ere fin ibili zen, dejadaz batez ere. Partida hasi aurretik, saketik zenbat tanto jasoko zituen zen zalantza, eta eginiko erresto apurrak ere ondo egin zituen.

Belokik oso pilotakada on gutxi jo zituen. Bi eskuekin ibili zen gozakaitz. Aukerako pilotetan ere ezinean. Atzo ez zen haren eguna. Dena den, partida erdi aldera bizpahiru tanto on jokatu zituen. Partida hasierako hondamendiaren ondoren, bukaerako emaitza atondu ahalko zuela zirudien (6-14).

Kontrarioak, baina, ez zuen ametitu; ez zuen ustekaberik nahi, eta ez zen erlaxatu. Azken zortzi tantoak jarraian egin zituen, zortzi tanto on; eta eskuinez, aginduz. Itxaropenak puzteko tantoak eta Eugiri iaz baino hobeto dagoela erakusteko tantoak. Bukaeran Beloki zintzo mintzatu zen. «Partida tamalgarria jokatu dut. Duela egun batzuk pilota sartu zitzaidan ezkerrean eta asko nabaritu dut azken hilabeteetako erritmo falta. Errestoan ibili naiz okerren, hamar tanto jasota ezin da inola ere irabazi». Bizkarreko galanta jaso arren, Belokik ez du buruz burukoa jokatzeko ilusiorik galdu, eta ez du amore emango. «Heldu den urtean binakakoa beste modu batean garatzen bada eta sasoiz banago berriz parte hartuko dut». Zaleak zain izango ditu, errespetuz.



Beloki 6

Olaizola I.a 22

Iraupena. 39 minutu.

Pilotakadak. 140.

Saketik. Belokik 1; Olaizola I.ak 10.

Markagailua. 0-11, 2-11, 2-12, 4-12, 4-14, 6-14 eta 6-22.

Bestelakoak. Sarrera oso ona Tolosako Beotibarren. Apustuak Olaizolaren alde irten ziren: 100-90i.

Burlatakoak saketik hamar tanto jasota eta oso irudi kaskarra emanda galdu du Olaizola I.aren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.