Txirrindularitza

Beltran irabazle bigarren etapan

Ihes eginda irabazi du Euskal Herriko Itzulian. Cobok eutsi egin dio lidergoari.

2007ko apirilaren 10a
18:10
Entzun
Manuel Beltranek (Liquigas) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, Urretxu (Gipuzkoa) eta Karrantza (Bizkaia) artekoa, 191,5 kilometrokoa. Ihes eginda irabazi du; hain zuzen, azkeneko mendatean geratu da bakarrik, Pozalaguako haitzuloak mendatean.

56. kilometrotik bukaera aldera arte iheskide izan ditu zazpi txirrindulari: Jose Antonio Redondo (Astana), David Lopez (Caisse d'Epargne), Carlos Barredo (Quick Step), Egoi Martinez (Discovery Channel), Mikel Astarloza (Euskaltel), Sebastien Joly (Le Francaise des Jeux) eta Anthony Charteau (Credit Agricole). Denbora luzez izan dira zortzirak batera, laupabost minutuko tartea izan dutelako tropelarekiko, eta bukaeran Beltran (35 urte), Redondo eta Astarloza bakarrik geratu dira. Azkeneko mendatean, hasieran Redondok ihes egin du baina Beltranek gero harrapatu egin du, baita pasatu ere.

Redondok bukatu du bigarren, 15 segundora. Ondoren, txirrindulariak sakabanatuta iritsi dira. Juan Jose Cobo liderra 26 segundora heldu da, zazpigarren tokian, eta lehen postuari heldu egin dio, 32 segundoko aldea zeukalako. Jose Angel Gomez Marchante (Saunier Duval) eta Beltran dira bigarren eta hirugarren, sei segundora.

Etapa menditsua izan da, atzo bezala. Izan ere, txirrindulariek zortzi mendate igo beharko dituzte: hiru mendate hirugarren mailakoak izango dira (Udana, Garate eta Berbikiz), lau bigarren mailakoak (Kruzeta, Bikosgana, Escrita eta Pozalaguako haitzuloak) eta bat lehen mailakoa (Ubal).

Bihar Karrantza-Gasteiz etapa korrituko da, 173 kilometrokoa. Hirugarren mailako lau mendate egongo dira (Herbosa, Berbikiz, Gasteizko mendiak eta Zaldiaran), bigarren mailako bat (Escrita) eta lehen mailako bat (Peña Angulo, etaparen hasiera aldera).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.