Beltz dator denboraldiko lehen euskal derbia

Lagun Arok Bizkaia hartuko du Ilunben, garaipen premia handia duela, baina bizkaitarrak dira faborito

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hasi eta berehala dator denboraldiko lehen euskal derbia. Lagun Arok Gescrap Bizkaia hartuko du Ilunben, eguerdian (12:15, ETB1), eta bizilagunak baino askoz premia handiagoarekin. Dramatismora iritsi gabe, dena den, garaipen bakarraren aldea baitago bi taldeen artean. Lagun Arok, ordea, ez du irabazi oraingoz, eta horrek halako urduritasuna sortu du Donostian. Urduritasun neurtua, sasoi hasiera gogorra izango zela aurreikusia zutelako. Bizkaiak, aldiz, 1-1 balantzea du, eta hazita egingo du A-8ko bidea, ligako talde sendoenetakoa, Bartzelona menderatuta.

Nahikoa al da garaipen hori, bizkaitarrak faboritotzat jotzeko? Bai, horrez gain, taldea eginagoa dutelako, eta gipuzkoarrek baino baliabide gehiago eta hobeak. Balantzaren bestaldean, donostiarrek etxean jokatzen dutela, zaleen babesarekin, eta itxuraz, lasai antzean daudela tenplea galtzeko motiboak sobera badaude ere. Donostian itxaropentsu dira iritsi berria den Rihards Kuksiksekin. Letoniarrak lauzpabost lan saio egin ahal izan ditu taldekideekin, eta, jokalariek esan dutenez, maila aparta du hirukoetan, eta garaia den neurrian ere asko lagundu dezake errebote lanetan —2,01 da luzean—.

Azken orduko kontuen inguruan badaude berritasunak. Fotis Katsikarisek ezingo du Mahmadou Samb kantxaratu, orkatilan mina duelako, eta Sito Alonsok ere harmailetan utzi beharko du Dani Diez hegaleko madrildarra, zuntz haustura baten erruz. Gakoen inguruan, askok Mumbruren izena dute buruan. Bere kabuz sortzen duenagatik, eta taldearentzat sortzen duenagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.