Txirrindularitza

Ben Kingentzat Vueltako laugarrena

Ben Kingek (Dimension Data) ihesaldia helmugaraino eramanda irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa. Ion Izagirrek (Bahrain) tropel nagusian amaitu du. Michal Kwiatkowskik (Sky) jarraituko du lider.

2018ko abuztuaren 28a
18:13
Entzun

Eguneko ihesaldiak arrakasta lortu du gaur Alfacar mendatean amaitu den etapan. Ben King izan da indartsuena, baita abilena ere. Igoerara bidean bederatzi kideko ihesaldia Granadan zela, aurrera egin dute Kingek, Jelle Wallaysek (Lotto Soudal) eta Nikita Stalnovek (Astana). Atzean, ezinean gelditu dira besteak beste Aritz Bagues (Murias) eta Pierre Rolland (Education First). Frantziarrak azken igoeran ahalegin handia egin badu ere, ezin izan du zuloa itxi.

Tropel nagusiarentzat egun lasaia izan da azken mendatea iritsi bitartean. Skyk ez du maillot gorriaren defentsa sendorik egin nahi izan. Gainera, King izan da behin-behineko liderra etaparen zatirik handienean. Azken igoeran, baina, Sepp Kussek (Lotto Jumbo) jarritako erritmo gogorrak nabarmen murriztu du aldea. Erritmoa apur bat mantsotu denean, helmugatik hiru kilometro ingurura, Simon Yatesek (Mitchelton) jo du erasoa. Inork ez du haren gurpila hartu, eta Kwiatkowskiri 27 segundo atera dizkio. Emanuel Buchmann (Bora) eta Miguel Angel Lopez (Astana) ere ahalegindu dira azken kilometroan. Ion izagirrek arazorik gabe iraun du faboritoen multzoan. Beste egun batez, Vincenzo Nibalik (Bahrain) eta Richie Portek denbora galdu dute.

Sailkapen nagusian lider Kwiatkoskik jarraitzen du. Atzetik ditu Buchmann eta Yates, zazpi eta hamar segundora, hurrenez hurren. Izagirre seigarren da sailkapenean, liderrarengandik 30 segundora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.