Beñat Etxebarriari duela urte batzuk inork esan izan balio bere etxetik ia 1.000 kilometrora botako zituela dejadarik onenak, bi bekainak altxatuta erantzungo zukeen beharbada, harriduraz betetako aurpegierarekin. Eta bi eskuak erabili beharrean eskuin oinarekin egingo zituela baieztatuz gero, ziur beste norabait begiratuko zukeela. Artean ez zekien halabeharrak gidatuko zuela bere kirol ibilia, Igorreko frontoitik eta Lezamatik urrun, Sevillako Benito Villamarin zelairano.
Pausoz pauso zeharkatu zuen Athleticen haztegiko azpiegitura guztia, kimuetatik maila nagusirainokoa. Bidean aurrera, bi irudi aukera litezke haren garapenaren lekuko. Bata, Markel Susaeta laguna ondoan zuela, Espainiako kadete mailako finala Cesc, Messi eta Piqueren Bartzelona indartsuaren kontra. Fabregasek orain gutxi esandakoaren arabera, «maila handiko taldea» hartu zuten mendean. «Beñat nabarmentzen zen, eta ziur nengoen punta-puntara iritsiko zela».
Bestea, 2006ko urri bukaerakoa. Lehen aldiz nagusiekin aritzeko aukera eman zion Felix Sarriugartek —beheko mailetatik ongi ezaguna zuen—. Iruñean izan zen, Fran Yeste ordezkatuz. Haatik, saio bakar horretan bakarrik parte hartu zuen zuri-gorriekin. Sasoi hartan, ozta-ozta eutsi zioten bizkaitarrek pribilegiozko tokiari, Realak behera egin zuen, eta, egonkortasuna topatu nahian, Joaquin Caparrosengana jo zuten. Bestelako ikuspegi baten aldeko jarrera zen.
2008an, Sevilla aldera
Utrerako entrenatzaileak bere burua Sevillan ezagutzera eman aurretik, Cuenca aldean egin zituen lehen marrazki taktikoak. Hain zuzen, Caparrosen pentsaeran tokirik izango ez zuela eta, bide horixe har zezala eskatu zion klubak Beñati. Baita hartu ere. «Athleticetik ateratzea kolpe gogorra izan zen niretzat, baina ikasgai modura, baliagarria», onartu zuen duela hilabete batzuk Igorrekoak.
2008ko udan iritsi zen Luis Ocaña txirrindulari handi zenaren jaioterrira. Geldialdi txiki bat baino ez zen izango bere ibilian, aldaketa horrek Betisen begiraleen eremuan jarri baitzuen erdilaria. «Granadako Nyom atzelariaren txostena osatzen ari nintzela ikusi nuen aurrenekoz Beñat. Berehala piztu zuen nire arreta, eta haren nondik norakoak jarraitzea erabaki genuen. 2009ko martxoan izan zuen futbolariak gure berri, eta Athleticek hitzarmena berritu ez zionez, guregana etortzeko erabakia hartu zuen», dio Miguel Valenzuelak, garai hartan Betisen harrobiko arduradun izandakoak. Hortik aurrera gertatuak Realeko Antoine Griezmannen agerraldia dakar gogora. Frantziar gaztearen ukiturik gabe ez dago ulertzerik txuri-urdinen pizkundea. Beste hainbeste gertatu zen Benito Villamarin aldean Beñatekin.
Betiseko entrenatzaile Pepe Melek, Arzu eta Juande erdilarien lekuak estaltzeko, beheko taldean denboraldi zoragarria egin zuen euskaldun ezezagun bati dei egin zion. 2010eko abuztua zen, eta Sevillako taldea Lehen Mailara itzultzeko lanean zebilen buru-belarri. Oliverio Alvarez Oli 90eko hamarkadan Oviedo eta Betiseko aurrelari izandakoak jarri zuen haren arrastoan Mel, bere aginduetara izan baitzuen harrobian.
Andaluziarrek ez zuten hutsik egin bigarrengoan. Ederki hartu zuten elkar jokalariek, baloia erabiliz jokoa landuz, gehienbat, Beñaten zelai erdiko igurtziari eskerrak —36 partida jokatu zituen, eta lau gol sartu—. Ezin hobeto gauzatu zuen Melen ideia.
Abiada biziko gorakada izan du. Sekulako denboraldia izan zen aurrekoa, izarren ligan etenik gabeko lehen parte hartzean: 34 partidatan, sei gol. Sormen eta argitasun handiko erdilaria izateaz gain, baloia berreskuratzeko erakusten duen jokabidea nabarmentzen du haren entrenatzaileak. Futbolari ezberdina da. Baita Vicente Del Bosque Espainiako taldeko hautatzailearentzat ere. Hilabete batzuk atzera, Serbia eta Hego Korearen aurkako lagunartekoetan aritu zen, nahiz eta azkenerako Eurokopa lehiatzeko zerrendan tokirik ez izan. Xabi Alonsoren bedeinkapena ere segituan jaso zuen. «Jokalari modura hazi baino ez da egin, eta merezi duelako etorri da hona».
Markelek, Illarramendik eta Zurutuzak ziur badutela haren ibileraren berri.
Beñat, Sevillako jauntxoa
Athleticen eskolakoa eta pilotari izatearekin amesturikoa izanik, Betisen ardatza da orainJokoa trinkotzeko, beste jokalari batzuen alde egin zuen Caparrosek, Bilbon; Sevillan dagoenetik, hazkunde geldiezina izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu