Benetako balen garaia

Athleticek lehen partidatik eman gura du itxura ona, eta Almeriaren kontra du gaur horretarako aukera aproposa, San Mamesen

haritz gallastegi
2008ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
«Almeriaren aurka erabiliko ditugun balak benetakoak izango dira. Ez da jaurtigairik gabeko muniziorik izango». Hitz horiekin eman zion ongi etorria 2008-09. denboraldiari Joaquin Caparrosek. Frogak egiteko sasoia amaitu da. Uztailean eta abuztuan egindakoak ez du garrantziarik. Gaurtik aurrera asmatuz gero inor ez da oroituko denboraldi-aurrean zehar egondako giro txarraz.

Lehen partidatik eman gura du maila ona talde zuri-gorriak. Joan den sasoi hasiera zalantzaz beterikoa izan zen. San Mamesen asko kostatu zitzaion puntuak eskuratzea. Emaitzak ez ziren espero zirenak izan, eta horrek erabat baldintzatu zuen denboraldia. Txapelketaren azken herena arte estu eta larri aritu zen talde zuri-gorria. Horrelakorik errepikatu ez dadin, indartsu ekin gura dio denboraldiari. Ongi jokatu barik bada ere, lehenbailehen irabazi gura ditu konfiantza hartzeko ezinbestekoak diren puntuak. Talde batek lasai dagoenean ematen baitu daukan onena. «Talde orekatua eta indartsua izatea dugu xede. Era berean, San Mamesen erregularrak izan gura dugu». Caparrosen asmoak betez gero, zuri-gorriek ez dute asko sufrituko.

Baina esatea baino askoz gaitzagoa da helburuak betetzea. Athleticeko teknikariak dituen helburu berberak baitituzte goren mailako talde gehienek. Gutxi batzuk baino ez dute jomugan jarritakoa lortzen. Ondo lan egiten dutenek, hain zuzen ere. Egun, izarren ligan, norberak dituen baliabideak behar den moduan kudeatzen asmatzen duenak lortzen du arrakasta. Liga irabaztea eta Txapeldunen Ligarako sailkatzea xede duten dozena erdi talde alde batera utzita, gainerako talde guztien maila oso antzekoa da -Zaragozari gertatu zitzaionaren ostean haiek ere ezin dute lo hartu-. Beraz, asmatzen duenak UEFArekin egingo du amets - joan den sasoian Racingek lortu zuen arrakasta-. Eta asmatzen ez duenak, jaisteko arriskua izango du.

Hamaikakoan berritasun gutxi

Zerua eta infernua alde batera utzita, Athleticen helburua sufritu barik mantentzea izan behar da. Sailkapenaren erdialdean eroso aritzea. Eta, horretarako, ezinbestekoa da aurkari zuzenen aurka emaitza onak lortzea. Hasiera batean, Almeria izan daiteke aurkari horietako bat. Andaluziako taldea joan den sasoiko ezusteko nagusietako bat izan zen. Unai Emeryren agindupean itxura ona eman zuen. Joan den denboraldikoa berrestea du xede. Horretarako, Gonzalo Arkonada teknikaria eta hamar jokalari fitxatu ditu. Fitxatu berriei kontu eginez gero,eta joan den sasoiko jokalari garrantzitsu gehienek jarraitu egiten dutela, baikor izateko arrazoiak dituzte. Are eta baikorrago, gainera, denboraldi-aurrean emaitza bikainak eskuratu dituela aintzat hartuz.

Talde zuri-gorriaren hamaikakoan aldaketa gutxi espero dira. Betikoek jokatuko dute. Hala ere, deialdia aztertuz gero, Caparrosek denboraldi-aurrean zehar atera dituen ondorio batzuk ikus daitezke. Casasek eta Armandok, esaterako, aurrea hartu diete Koikiliri eta Lafuenteri. Beraz, okerrik izan ezean, Casas arituko da ezker hegalekoan --Gurpegik ere jokatu du lagunartekoren baten-. Atean, berriz, Iraizozen ostean Armando da lehen aukera.

Bestalde, talde zuri-gorriak orain arte fitxatu dituen bi jokalariek harmailatik ikusiko dute neurketa. Iñigo Velez de Mendizabal eta Joseba Del Olmo ez daude aukeratuen artean. Gasteiztarra ez dago sasoi onean, eta bizkaitarrak David Lopez, Yeste eta Gabilondo ditu aurretik. Iturraspe ere ez da lehen taldearekin hasi. Bigarren taldearekin arituko da.



Mikel Balenziaga Reala Bko ezker hegalekoa fitxatu du Athleticek

Athleticek Mikel Balenziaga gaztea fitxatu du. Udaosoan ezker hegaleko jokalari bat fitxatu guran ibili ostean --Bertxitxe, Castillo, Garrido, Monreal...Athleticen merkatuan dauden jokalari guztien egoera aztertu dute agintari zuri-gorriek- Sanseko gaztearen aldeko apustua egin du talde bizkaitarrak. Okerrik ezean, datorren astean jantziko du lehen aldiz elastiko zuri-gorria. Caparrosek ez du ezagutzen, baina gustura dago fitxaketarekin. «Ez dut asko ezagutzen. Hala ere, Espainiako selekzioko eta Athleticeko teknikariek ondo ezagutzen dute. Merkatuan zegoen jokalari bat da. Athletic azkar aritu da», adierazi zuen entrenatzaile zuri-gorriak.

Caparrosek fitxaketa baieztatu baino ordulaurden lehenago Fernando Garcia Makuak hitz egin zuen. Athleticeko presidenteak ez zuen akordioaren berri eman gura izan. «Gauzak lotu arte ez du ezer aurreratzen», esan zuen. Bide batez, hedabideoi egurra emateko baliatu zuen aukera. «Guk daukagun merkatua berezia da. Ondorioz, kontu handiarekin ibili behar gara. Sarri askotan gu gara fitxaketak garestitzen ditugunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.