ASOBAL LIGA

Benetako lehia hasi da

Portlandek, Barakaldok eta Arratek gaur hasiko dute Liga, Granollers, Bartzelona eta Almeriaren aurka

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Portlandek, Barakaldok eta Arratek gaur ekingo diote Asobal Ligari. Nafarrek etxean jokatuko dute denboraldiko lehen partida, Granollersen aurka. Zupo Ekisoainen taldeak Liga irabaztea du helburu, eta erronka zail horri aurre egiteko ezin du hutsik egin, etxeko partidetan bereziki. Portlandek berriz ere lesioak ditu abenturakide, Iruñeko taldeak ez baitu uxatu arlo horretan iaz izandako zorte txarra: Richardsonek eta Jovanovicek ez dute jokatuko gaur, eta Boesen ezker albokoak, aurtengo fitxaketa nagusiak, azken orduan erabakiko du jokatuko duen ala ez, gastroenteritisa baitu. Egoera ikusita, oraindik sasoian ez dauden zenbait jokalari sartu ditu deialdian: Garralda eskuin albokoa, Jakimovitx ezker albokoa eta Kisselev erdikoa. Jokatuko dutenak Rocas eta Lakenmacher izango dira, beste bi fitxaketak.

«Lehen puntua irabaztea oso garrantzitsua izango da, taldeak konfiantza hartzeko. Ez da erraza izango, talde borrokalaria eta arriskutsua baita Granollers. Fitxaketa onak egin ditu: Jose Luis Perez Canca erdikoa, esaterako. Defentsako eta erasoko lana ondo egin beharko dugu irabazteko, eta adi-adi egon», adierazi du Portlandeko entrenatzaileak.

Barakaldo, ezinezkoaren bila: Bartzelonari irabaztera

Barakaldok, berriz, lan oso zaila, ezinezkoa ez esateagatik, izango du gaur, Bartzelona ahalguztidunaren aurka jokatuko baitu, Kataluniako hiriburuan. Txanpi Rivero Barakaldoko entrenatzaileak prest izango ditu jokalari guztiak txapeldunari aurre egiteko, sei fitxaketak barne: Vargas, Dominguez, Anusic, Pellitero, Chrysopoulos eta Radoncic.

Bartzelona sasoi bikainean dago, eta Liga hasi aurretik bi txapelketa irabazi ditu jada: Espainiako Superkopa (26-25 Ciudad Reali) eta Pirinioetako Liga (36-26 Montpellierri, Europako txapeldunari). Kataluniako taldeak bi fitxaketa egin ditu: Iker Romero ezker alboko gasteiztarra eta David Carvajal eskuin hegalekoa. Barakaldok eta Bartzelonak lagunartekoa jokatu zuten iragan abuztuaren 30ean, eta kataluniarrek gogor egurtu zituzten bizkaitarrak (38-18).

Ipuruan, berriz, igoberrien arteko partida izango da: Arrate-Almeria. Bi taldeek helburu bera dute: jaitsierako bi postuak saihestea. Ander Goikoetxea eskuin hegalekoa ez beste jokalari guztiak izango ditu prestJorge Dueñas Arrateko entrenatzaileak. Egokitzapen falta da eibartarren gabezia nagusia, jokalari asko ez baitaude sasoian oraindik, ezustez betetako denboraldi-aurrea izan baitute Arraten. Zama hori ahal den ondoen ezkutatzen saiatuko dira Eibarreko jokalariak. Jokoan dauden puntuak oso garrantzitsuak izan daitezke Liga amaieran, Almeria ziurrenik Arrateren aurkari zuzena izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.