Futbola

Benetako ordua heldu zaie

Asteburu honetan ekingo diote lau euskal taldeek ligari: Eibar-Sevilla, Alaves-Betis, Reala-Valentzia eta Madril-Athletic izango dira lehen jardunaldiko partidak. Aforo murrizketekin bada ere, publikoa itzuliko da estadioetara. Datorren asteburuan Athletic-Reala derbia jokatuko da, San Mamesen.

Alaveseko eta Athleticeko jokalariak, lehian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 3a
16:58
Entzun

Asteburu honetan hasiko da Lehen Maila, eta, txapelketako hamasei taldeetatik, lau Euskal Herrikoak izango dira: Reala, Athletic, Eibar eta Alaves. Arabarrak igo berri dira, eta ez dute sekula gorengo mailan jokatu. Estreinakoz aritu arren, zeresana eman nahi dute, Eibarrek joan den sasoian egin bezala. Alavesek bezala, Eibarrek ere mailari eutsi nahi dio. Athleticek eta Realak, berriz, goiko postuetan egoteko lehian izan nahi dute. Helburua edozein dela ere, Lehen Mailan lau talde izatea euskal futbola azken urteetan izaten ari den hazkundearen isla da.

Reala

Natalia Arroyoren jokalariek joan den denboraldiko postu bera lortu edo hobetu nahi baldin badute (bosgarren amaitu zuten), gogor egin beharko dute lan. Txuri-urdinek inoizko sasoirik onena osatu zuten, baina ez zuten helburua eskuratu: Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Denboraldi honetan ere Txapeldunen Ligarako postuetan amaitzea dute helburu. Baina taldea goitik behera eraberritu dute, eta ikusi beharko da taldearen berrikuntzek nola erantzuten duten zelaian. Ilusioz gainezka daude txuri-urdinak, baina soilik ilusioak ez du golik sartzen.

Aurtengo aurpegi berriak Clare Pleurer, Manuela Vanegas, Iris Arnaiz, Emma Ramirez eta Gaby Garcia izan dira. Mirari Uria lehen taldearen dinamikan izango da. Taldea utzi dute urteetan ikur izan direnek: Nahikari Garcia, Mariasun Quiñones, Leire Baños, Lucia Rodriguez, Itxaso Uriarte, Nuria Mendoza, Maitane Lopez, Manu Lareo, Kiana Palacios eta Barbara Latorre. Horrek zeresana eman zuen.

Denboraldiaurre txukuna egin dute. Leche de Gaza txapelketako irabazleak izan ziren, Real Madrili gailenduz (0-2). Bestalde, Euskal Herria Kopako hirugarren talderik onena izan zen; finalerdietan Alavesen aurka galdu zuten (3-4), eta ondoren Eibarri irabazi zioten (2-1). Denboraldia Valentziaren aurka hasiko dute, etxean, etzi (16:00). 505 bazkidek egin dute sarrera baten eskaera. Arroyok taldea «lehiakorra, oldarkorra eta anbizio handikoa» izatea gura du sasoi honetan.

Athletic

Helburu aldaketekin hasiko du denboraldi berri hau Athleticek. Aurrekoan maila ez galtzeko borrokan egon ziren hasiera trakets baten ondoren. Gabonetako oporretatik bueltan, Angel Villacampak taldea entrenatzeari utzi zion; taldeak bederatzi partida zeramatzan irabazi gabe, eta atzeko postuetan zegoen. Iraia Iturregik hartu zion erreleboa, eta Athleticen dinamika guztiz aldatzea lortu zuen. Urteetan goiko postuetan egon da taldea, eta, hala, Iturregik argi utzi du: «Helburua ez litzateke salbazioa izan behar, baizik eta sailkapenaren erdian amaitzea, gora begira». Jardunaldia itxiko dute zuri-gorriek Madril bisitatuz, etzi (19:00).

Helburua erraz beteko dute, denboraldiaurreko emaitza berberak izaten badituzte. Jokatutako bost partidak irabazi dituzte; tartean, Euskal Herria Kopa eta Karrantza torneoko finala. Gainera, soilik gol bakarra jaso dute; Euskal Herria Kopako finalean, hain zuzen. Izen handiko fitxaketak egin dituzte, eta Iturregiren hamaikakorako garrantzitsuak izango dira: Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte eta Ainize Barea 'Peke'. Orain arte bigarren taldean ziren Irene Oguizak eta Leyre Monentek fitxa profesionala izango dute. Aurten taldean izango ez direnak Marta Perea, Andere Leguina, Maria Diaz, Jone Ibañez, Andrea Sierra, Leia Zarate, Nerea Nevado, Amaia Peña eta Bibiane Schulze dira.

Eibar

Iker Dorronsororen agindupean maila mantentzea lortu zuten eibartarrek, eta gauza bera lortu gura dute Ana Junyentekin. Katalanak Dorronsororen testigua hartu du, eta denboraldiaurrea hasi aurretik lan dezente izan zuen taldea osatzen. Thembi Kgatlanak, joan den sasoiko izarrak, taldea utzi du, eta haren ordez Ana de Teresa aurrelari gaztea ekarri dute. Gainera, Nerea Abancensek eta Esti Aizpuruak erretiroa hartu dute. Charity Adule azken egunean albiste izan da, Eibarrekin zuen kontratua eten baitu. Haren ordez Racheal Kundananji aurrelari zambiarra fitxatu dute.

Bi fitxaketa hauez gain, Amaia Peñak, Alejandra Bernabek eta Elba Verguesek ere Unben jokatuko dute sasoi honetan.

Udan bildutako emaitzek ez dute beldurtzen Junyenti. Bost partidetatik bakarra irabazi dute, baina hasiera «garai onean» iristen zaiela uste du entrenatzaileak; jokalariak «kontzeptuak barneratzen» ari baitira. Denboraldia Sevillaren aurka hasiko dute, Unben, etzi (11:00).

Alaves

Estreinakoz ariko da talde gasteiztarra Lehen Mailan. Duela hiru hilabete lortu zuten igotzea, eta taldea ilusioz gainezka dago abentura berri honetan murgiltzeko. Udan egin duen lana bikaina izan da: sei garaipen, berdinketa bat eta porrot bat. Joan den denboraldiko joko berari eutsiko diote, baina, jakina, maila berrira moldatuz. Mikel Crespok beste urte batez jarraituko du, eta Ibaiako aulkian izango da Betisen aurka, etzi (12:00).

Taldeari dagokionez, eta mailaz igotzen diren taldeek bezala, fitxaketa asko egin dituzte; bederatzi: Nerea Nevado, Osinachi Ohale, Sara Carrillo, Carla Armengol, Garazi Facila, Abdulai Mukarama, Sonia Garcia Majarin, Jana Xin Henseler eta Cris Auñon. Jokalariak gorengo mailan aritzeak dakarren erritmo aldaketara egokitu beharko dute. Baina ikasteko ere balioko die, gehienek Lehen Mailan debutatuko baitute.

Azken bi denboraldietan bezala, Bartzelona da hautagai nagusia ligako txapeldun izateko. 33 partida irabazi eta bakarra galdu zuen, Atletico Madrilen aurka. Guztira 167 gol sartu eta soilik 15 jaso zituen orain arte Lluis Cortesek zuzentzen zuen taldeak. Gainera, Espainiako Kopako eta Txapeldunen Ligako tituluak eskuratu zituzten denboraldi berean. Bertan ariko da Irene Paredes legazpiarra; sasoiko fitxaketa distiratsuenetariko bat izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.