Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Urrutikoetxeak pilotekin arduratuta daudela onartu dute buruz buruko finalerdirako pilota aukeraketan. Elkarren aurka ariko dira larunbatean, Iruñean, eta Bengoetxeari Urrutikoetxearen pilota bat biziegia iruditu bazaio, aurkariarentzat ia saski osoa «zozoegia» zen. Egoera bitxia da, bi aurrelariak Asegarcekoak direlako.
Urrutikoetxeak gogor kritikatu ditu hautatzeko zeuden pilotak: «Hamar zeuden saskian, eta bederatzi ez zaizkit gustatu. Motelegiak nire gusturako. Bakarrarekin nago pozik». Bengoetxeak, aldiz, Urrutikoetxeari gustatu zaionarekin zalantza du: «Orain ez dirudi gehiegizkoa, baina oso bizia da. Higatzen denean botea hartuko du, eta ikusi beharko da noraino iristen den».
Apustuak parean irtengo dira, eta litekeena da Labrit betetzea. Jaialdi berean Mikel Idoate pilotalekuetara itzuliko da ia urtebete eskuko minaren erruz jokatu gabe igaro ondoren.