Oinatz Bengoetxeak ez dio eperik jarri nahi orkatila sendatzeko prozesuari. Oraindik ospitalean dagoen arren, dagoeneko itzulera kontuak aipatzen ditu. Hala ere, eperik ez duela jarri nahi adierazi dio Euskadi Irratiari. "Hiru hilabete inguru beharko ditut gutxienez, baina orain garrantzitsuena ondo sendatzea da; ez dut eperik jarri nahi". Dena den, baikorra da. "Ni nahiko bizkor sendatzen naizen horietakoa naiz, eta nork jakin?". Buruz buruko txapelketa ezingo du jokatu, baina baliteke uda hasierarako kantxetara bueltatzea.
Pilotariak bizkarrekoa hartu zuen lesioa uste baino larriagoa zela jakitean. Perone hezurreko maleoloaz gain, lotailu bat hautsia du, eta lotailu horrek are gehiago luzatuko du indartzeko epea. Dena den, behin albiste txarra jasota, itxaropentsu dago: "Medikuek esan didatenez, ebakuntza ondo irten da, eta hori garrantzitsua da. Arazorik ez badago, ondo sendatuko naiz".
Leitzarrak igandean hartu zuen min, Panticosako mendietan (Huesca, Espainia) entrenatzen ari zela. "Kaskoetan" zebilen, eta helikopteroz erreskatatu behar izan zuten. Bengoetxeak antzeman zion larria zela: "Berehala ikusi nuen hautsita zegoela; oina alde batetik bestera mugitzen zen". Bengoetxeak bere ibilbidean izan duen lehen lesio larria da.