Kito. Amaitu da Mikel Olaetxearen bolada ona. Uda ezin hobea egin du Lizartzakoak, bera izan da partida gehien jokatu duen pilotaria, eta bazirudien aurtengo lau t'erdiko ezustea ere izan zitekeela. Baina ez. Ezker eskua oso minduta zuela kantxaratu zen atzo Iruñeko Labriten, eta Oinatz Bengoetxeak ez zion barkatu. Leitzarrak neurketa txukuna jokatu zuen, eta 22-10 irabazi zuen. Final-laurdenetan Irujo izango du aurkari. Nafarroako txapelketako finalean elkarren kontra aritu ziren bi pilotariok, eta Bengoetxea VI.a aise gailendu zen.
Atzoko norgehiagokak ez zuen misterio handirik izan. Lehen tantotik ikusi zen Bengoetxea VI.a ongi prestatuta dagoela, eta Olaetxeak eskua minduta zeukala. Leitzarrak ongi baliatu zuen sakea, sei tanto lortu zituen era horretan, baina errematerako ere beste horrenbeste baliatu zituen. Olaetxeak ez zion abiadurarik eman pilotari, eta tantoa bukatzeko garaian ere inspiraziorik gabe aritu zen. Guztira zortzi pilota galdu zituen, eta soilik lau egin. Bengoetxea VI.ak, berriz, hamahiru egin zituen denera.
Dohain ugari eduki arren, leitzar gazteak ez du sekula lortu kaiolaren barruan finalerdietako ligaxkan sartzea. Txapelketa hasieran helburua hori zela esan zuen, baina horretarako Irujo hartu beharko du mendean, gaur zortzi, Eibarren.
Ligaxka horretatik pauso bakar batera dagoena Retegi Bi da. Iruñekoak 22-16 irabazi zion herenegun Aritz Lasari Urretxun, eta hirugarren urtez jarraian Barriolaren aurka jokatuko du.
Bengoetxea VI.ak ongi jokatu du eta erraz irabazi dio Olaetxeari (22-10)
Galtzaileak aukera asko eman dizkio aurkariari, batez ere ezker eskua minduta aritu delako, eta hark ez dio barkatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu