Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek etzi jokatuko dute. Bien parte-hartzea kolokan bazegoen ere, Asegarcek behingoz albiste onak izan ditu binakakoan. Biek proba bana egin zuten atzo Labriten, eta jokatzea erabaki zuten. Oinatz Bengoetxeak ezker eskuko hatz luzea pitzatuta du, eta babes batekin jokatuko du. Ruiz, berriz, eskuko minez dabil, eta atzo pilotarekin aritu zen. Partidarako, baina, eskuin eskua babestuko du, tako gehiago eta txapatxoren batekin.
Ruben Belokik, ostera, gaur erabakiko du etzi Iscarrera abiatuko den. Burlatakoak azken bi partidak galdu ditu, eskuko ahurraren azpian duen ubelduarengatik. Eskuko min ohikoena da. Gaur proba egingo du pilotalekuan, eta bere esku egongo da jokatuko duen ala ez erabakitzea. Ez jokatzekotan Iñaki Otxandorena litzateke bere ordezkoa. Belokik jokatuko balu, ordea, litekeena da Mugairikoak Zearraren ordez jokatzea bihar Urdulizen.
Asperen aldetik Eugi eta Barriolari sendatu zaizkie gripeak eta jokatzeko moduan daude. Xalak, aldiz, ezingo du jokatu. Lekuinekoak hernia diskala du C6 eta C7 ornoen artean, eta tratamenduak aurrera egin ahala jakingo da noiz bueltatu ahal izango den. Pilotariak, hasiera batean behintzat, ez du ebakuntzarik egingo.
Bengoetxeak eta Ruizek jokatuko dute, eta Belokik gaur erabakiko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu