Bengoetxea VI.a 22. Martinez de Irujo 12

Bengoetxeak lortu du txapela

Aurrelari leitzarrak nagusitasunez irabazi dio Irujori San Fermin torneoko lau t'erdiko finalean

Bengoetxea VI.a, txapelarekin, eta Irujo haren ondoan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Iraupena. 46 minutu.

Pilotakadak. 227 .

Sakez. Bengoetxea VI.ak lau; Martinez de Irujok bi, eta falta bat.

Markagailua. 0-1, 1-2, 2- 2-4, 7-4, 7-5, 9-5, 9-7, 17-7 eta 22-12

Bestelakoak. Lepo bete zen Labrit pilotalekua San Fermin festetako egunik handienean. Partida guztian zehar giro bikaina izan zen harmailetan.

Oinatz Bengoetxeak giro ederrean ospatu ahal izan zuen atzo, Iruñean, San Fermin egunean, bestetako lau t'erdiko torneoko finalean lortutako txapela: 22-12 irabazi zion Juan Martinez de Irujori. Galtzen hasi, baina laster eman zion buelta markagailuari aurrelari leitzarrak. Gora egin zuen Bengoetxea VI.aren jokoak; Martinez de Irujorenak, aldiz, behera. Urduritasunak hartu zuen Iberokoa, erabat, partida aurkariaren alde jartzen hasi zenean. Haserrea erakutsi zuen partidako hainbat unetan. Atzoko finalean ere garaipenak ihes egin zion eskuetatik, eta amorratuta amaitu zuen partida.

Martinez de Irujok egin zuen lehendabiziko sakea, eta harentzat izan zen partidako lehen tantoa. Lehen hutsa ere, Iberoko pilotariak egin zuen. Partidako lehen txanpan, hain zuzen ere, aurkariaren hutsei esker egin zuen aurrera Bengoetxea VI.ak.

Partida launa berdinduta zegoenean, 5-4 aurreratu zen leitzarra, lehen aldiz. Une horretan anitzez ere lasaiago agertu zen Bengoetxea VI.a, Martinez de Irujo baino. Presarik gabe baina sendo aritu zen, eta haren jokoak izan zuen saririk: 8-5 aurreratu zen.

Partidak berdin jarraitu zuen. Sakez lortu zuen Bengoetxea VI.ak partida 17-7 jarri zuen tantoa. Une horretan, haserrea eta partidan sartzeko grina lagun, Martinez de Irujoren susperraldiaren lekuko izan ziren Labrit lepo bete zuten zaleak. Bost tanto egin zuen Iberokoak jarraian, eta 17-12 hurbildu zen markagailuan. Tanto ederrak eskaini zituen Martinez de Irujok, eta argi utzi zuen amore emateko prest ez zegoela.

Hamabigarren tantoa lortuta, sakez falta egin zuen Martinez de Irujok. Ezin asmatu aritu zen atzo Labriten, eta Bengoetxea VI.ak ederki profitatu zuen aukera. Ibero ez zen tanto bakar bat gehiago egiteko gai izan.

Bengoetxea VI.aren azken tantoekin gozatu egin zuten Labriteko zaleek. Haietako anitz ziren leitzarraren aldeko, eta txalo artean ospatu zuten pilotariaren garaipena.

Gantxoz pilota eskuinera zabalduta jarri zen Bengoetxea VI.a 19-12 aurretik. Sakez lortu zuen 20.a. Eta 21.a, berriz, Martinez de Irujok txapapera bidali zuelako pilota. Dejada txokora bota, eta 22. tantoarekin batera, partida, eta ondorioz, San Fermin torneoko lau t'erdiko txapela eskuratu zuen Bengoetxea VI.ak. Partida serioa egin zuen. Lasai agertu zen aurkariaren aurrean, eta haren hutsak eta urduritasunak bere alde erabiltzen ederki asmatu zuen. San Ferminen egunean, Bengoetxea VI.a izan zen garaile.

Olaizola II.a-Apraiz nagusi

Atzo hasi zen binakako torneoa, eta estreinako partidan Olaizola II.a-Apraizek 22-14 irabazi zieten Titin III.a-Barriolari. Gaur eta bihar bigarren eta hirugarren partidak jokatuko dira: gaur, Berasaluze VIII.a-Albisu eta Xala-Zubieta ariko dira aurrez aurre; eta bihar, Bengoetxea VI.a-Begino eta Titin III.a-Barriola.

Erremonteko torneoari dagokionez, Ezkurra-Olazar finalerako sailkatu ziren atzo, Urriza-Ioni irabazita (40-34). Urtasun-San Miguel izango dituzte aurkari gaur finalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.