Bengoetxearen sasoi bikainari aurre egiten saiatuko da Beroiz gaur

Olaizola I.a eta Diaz ariko dira gaur, Lau t'erdiko Txapelketako beste kanporaketan

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko Txapelketako bi kanporaketa jokatuko dira gaur. Iruñeko Labrit frontoian Oinatz Bengoetxea eta Mikel Beroiz ariko dira (17:00, Nitro), eta Gernikako Santanapen Asier Olaizola eta Iñigo Diaz (17:00). Lehen partidan, Bengoetxea VI.a da faborito argia. Udako pilotaririk onena izan da, lau t'erdiko Nitro Torneoa irabazi du berriki, eta sasoi bolada gozoan dago. Ezusteko handia litzateke Beroizek irabaztea. Beroizek berak onartu zuen hori pilotak aukeratu zituzten egunean.

Lau t'erdikoa da, nolabait, Leitzako aurrelariaren arantza. Beste txapelketa guztietako finalak jokatu eta irabazi ditu inoiz, baina lau t'erdikoan ez du inoiz final-laurdenen langa gainditu. Faborito kontuak albo batera utzi eta pixkanaka joan nahi duela onartu du horregatik. Beroiz iaz aritu zen lehen aldiz lau t'erdiko nagusian; Bengoetxea VI.aren kontra jokatu, eta galdu egin zuen (22-5).

Beste partidak ere faboritoa du: Olaizola I.a. Goizuetako aurrelariak iaz eginikoa errepikatu nahi du: final-laurdenetara iritsi zen, eta tanto eskas batengatik galdu zuen Titin III.aren aurka. Askoz bide laburragoa egin zuen Diazek, lehen kanporaketan galdu baitzuen, Gonzalezen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.