Bera Bera-Alcobendas, lehenengo finalerdia

Donostiarrak erraz nagusitu dira Elxen aurka (30-22), eta finalerako sailkatzen saiatuko dira bihar

edurne elizondo
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako finalerdietan ariko da Bera Bera, Itxakorekin batera, Elxen aurka 30-22 irabazi eta gero. Donostiarrak hasieratik nagusitu ziren pistan atzoko norgehiagokan, eta haiek ere txapela lortzeko faboritoen artean direla agerian utzi zuten zaleen aurrean.

Biharko lehendabiziko finalerdian, Alcobendas izanen dute gipuzkoarrek aurkari, 16:00etatik aurrera. Talde horrek Murtzia hartu zuen mendean atzo, eguerdiko 12:00etan jokatutako final-laurdenetako lehendabiziko partidan. Madrildarrei kosta egin zitzaien jokoan sartzea, baina behin erritmoa hartuta, norgehiagokaren kontrola haien esku hartu zuten. 21-25 nagusitu ziren, eta, sufrituta, baina finalerdietarako txartela eskuratu zuten.

Bera Berak finalerako sailkatzeko inoiz baino gogo eta grina gehiago erakutsi du egunotan. Taldeko kideek behin eta berriz azpimarratu dute hagitz momentu onean ailegatu direla lehiaketara, eta atzo hala dela erakutsi zuten, Elxen aurka. Hasieratik haien esku hartu zuten partidaren ardura, eta lehen zatiko hamabosgarren minuturako jada, 9-5 irabazten ari ziren donostiarrak. Jaun eta jabe ziren pistan eta markagailuan.

Lehen zatian erakutsitako joko onak segida izan zuen bigarrenean, Bera Berako jokalarien artean. Aldea handitu bertzerik ez zuten egin markagailuan. 45. minuturako, 22-13 ziren aurretik. Elxek ez zuen bere jokoa egiteko aukerarik izan, eta ezinean aritu zen donostiarren indarraren aurrean. Azkenean, 30-22 gipuzkoarren alde.

Atzoko lanari jarraipena ematen saiatuko dira biharko finalerdian, Alcobendasen aurka. Finalerako txartela eskuratzea da Bera Beraren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.