Bera Berak titulua irabaztea du begiz jota ABF ligan, sasoi honetan, eta atzo lehen pauso garrantzitsua eman zuen Porriñoren pistan 22-32 irabazita. Beste hiru euskal taldeak jaitsiera saihesteko borrokan sartuta egongo dira, eta Kukullaga izan zen irabazi zuen bakarra, etxetik kanpo gainera, Castroren pistan (17-19). Itxakok kale egin zuen etxean, Alcobendasen aurka (24-34), eta Zuazok 20-20 berdindu zuen Mar Alacanten aurka.
Liga hasiera gazi-gozoa izan zen euskal taldeentzat. Bera Berak partida zaila zuen Lugon, Porriño, ondo bidean, goiko postuetako borrokan sartuta egongo delako. Haren pistan hastea ez zen samurra, eta atsedenaldira aurretik iritsi ziren arren (10-12), donostiarrek sufritu egin zuten lehen zati horretan. Bigarrenean gauzak aldatu egin ziren, ordea, Bera Berak bere erritmoa jarri eta zuloa zabaldu zuelako; azken txanpa lasaia izan zuten donostiarrek.
Kukullagak ere balio handiko bi puntu lortu zituen. Ligako taldeen erdia jaitsiera postuak saihesteko borrokan murgilduko da, eta Castro aurkari zuzena du lehia horretan. Kontrario horien aurka etxean kale ez egitea funtsezkoa da, eta etxetik kanpo puntu batzuk urratzea altxorra. Bada, hori lortu zuen Etxebarriko taldeak, partida estu batean.
Itxako ezinean bigarren zatian
Itxakok bigarren zatian ezin izan zion eutsi Alcobendas ahaltsuari. Lehen zati txukunaren ondoren (14-17), kanpokoek bi taldeen arteko aldea jarri zuten bigarrenean. Nabarmentzekoa Alcobendaseko Teresa Francesek eginiko partida, hamabost gol sartu baitzituen. Itxakoren aldetik Jimenez iritsi berria izan zen onena, sei golekin. Argi geratu zen, hala ere, urruti geratu direla nafarren garairik onenak. Alcobendas izango da, ziur asko, Bera Beraren aurkari zuzenena.
Beheko lehian sartuta, berriz, Zuazo ibiliko da, baina hainbestean ekin diote ligari bizkaitarrek, atsedenaldira 11-12 atzetik iritsi ondoren, 20-20 berdindu zutelako Mar Alacanten aurka. Konfiantza hartzeko, ona.
Bera Berak eta Kukullagak garaipen garrantzitsuekin ekin diote ligari
Zuazo Barakaldok 20na berdindu du etxean Mar Alacanten aurka, eta Itxakok 33-24 galdu du Alcobendasen kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu