Dena zuen alde, eta ez du huts egin. Bera Berak 18-32 irabazi zion atzo Castrori Espainiako Ohorezko Mailako azken jardunaldian, eta garaipen horri esker lehen aldiz eskuratu du ligako txapela. Donostiako taldeak denboraldi historikoa egin du, jokoan zeuden hiru tituluak irabazi baititu: Espainiako Superkopa, Kopa eta liga.
Ia ezinezkoa zirudien Castrok Bera Bera ustekabean harrapatzea, bi taldeen arteko aldea handia baita, itzela. Hala ere, Castrok estu hartu du Bera Bera lehen zatian, eta espero baino zailtasun gehiago eragin. Hala ere, hiru gol aurretik joan da Donostiako taldea aldagelara (8-11). Bigarren zatiaren hasieran, ordea, partida hautsi dute donostiarrek, 0-7ko partziala lortuta, eta azken minutuak festa giroan egin dituzte. Azkenean, titulua, eta merezitako agurra Reyes Carrere eta Eider Rubiok. Biek erretiroa hartuko dute.