Ez harrituta eta ez abailduta. Lasai hartu du Tiger Woodsek gertatu dena. Zerrendaburu izateari utzi dio. 281 aste zeramatzan jarraian munduko golflari onenen zerrendan lehen postuan. 623 aste egin ditu orotara. Beste inork baino gehiago. 2005eko ekainetik, lehen aldiz, beste golflari baten izena ageri da, ordea, zerrenda horren buruan: Lee Westwoodena. Grand Slameko torneorik irabazi gabe lehen postuan jarri den lehen golflaria izatearen ohorea du Westwoodek, baina nahiago izango du berak horregatik bainoinoiz izan den golflari onenari lehen postua kendu ziolako gogoratua izan.
«Sailkapena antolatuta dagoen moduan, torneoak irabaztea beharrezkoa da eta nik aurten ez ditut irabazi. Eta irabaztea bat da, baina lehen postuan jarraitzeko irabazten jarraitu behar da. Hori horrela da, eta onartu beharra dago. Urtea amaitzeko, ordea, beste hiru torneo gelditzen zaizkit oraindik. Horietan saiatuko naiz berriz ere lehen postua lortzen. 2011 urte oparoago baten abiapuntua izan dadila», esan du Woodsek Japonian.
Erakustaldi partida batzuk jokatzen izan da han estatubatuarra. Bihar Shanghaiko Torneoari ekingo dio. Han izango dira haren kontrario hurbilekoenak. Westwood zerrendaburu berria, Martin Kaymer eta Phil Mickelson. Woodsek ez du urtea esku-hutsik amaitu nahi, eta oso litekeena da igandean berriz ere lehen postua lortzea. Haren denboraldirik aldrebesena da. Zortzi hilabete egin zituen min hartuta lehenengo, eta urte erdia erretiroa hartuta gero emaztearekin izandako arazoengatik. Eta, hala ere, lehen postuari eusteko gai izan da duela gutxi arte. Hamabi torneotan hartu du parte, eta Mastersean eta AEBetako Irekian lortutako laugarren postuak dira haren bi posturik onenak -joan den urtean sei torneo irabazi zituen-.
Westwooden meritua
Europara bueltatu da lehen postua, aspaldiko partez. Lee Westwood da kontinente horretan sortutako bosgarren zerrendaburua. Bernhard Langer, Severiano Ballesteros, Ian Woosnan eta Nick Faldo ere izan ziren zerrendaburuak -Faldo azkena, 1994an-, eta Grand Slamik irabazi gabe lortu du Weswoodek balentria.
Irabazi ez du egin, baina erregulartasun aparta eta gorakada nabarmena erakutsi ditu bere jardunean. Jokatu dituen azken bi Grand Slametan bigarren egin du -Augustako Mastersean eta British Openean-, eta bi hirugarren postu ere lortu zituen iaz -British Openean eta PGA Torneoan-. Azken bi urteetan sekulako gorakada egin du, eta azken bi urteak dira sailkapen nagusia osatzeko kontuan hartzen direnak. Egia da lehen postu hori Grand Slam bat irabazi gabe lortzeak distira apur bat kentzen diola haren lorpenari. Seguru izan Westwoodek berak ere nahiago izango zuela Grand Slam bat irabazi sailkapen nagusiko lehen postua eskuratu baino, baina horrek ez dio egindakoari meriturik kentzen eta sekulako meritua ematen dio Woodsen markari ere -1997tik, Ernie Els, David Duval eta Vijay Singh izan dira haren bolada eten duten bakarrak-. «Munduko sailkapenean lehen postuan izatea inoiz lortu dudan balentriarik handiena da, zalantzarik gabe. Uste dut edonori gustatuko litzaiokeela inoiz munduko jokalari onena dela esatea», onartu du Westwoodek egunotan.
Shanghaiko HSBC torneoak, horrenbestez, sekulako ikusmina sortu du. Han estreinatuko du Westwoodek lehen postua. Han ariko da Woods (bigarren zerrendaburua), han Martin Kymer alemaniarra (hirugarrena) eta han Phil Mickelson (laugarrena). «Sekulako ohorea da Woodsen bost urteko erregealdia amaitu duen golflaria izatea, baina nahiko ongi ezagutzen dugu denok, eta badakigu erreakzionatuko duela», onartu du Westwoodek. Bigarren urtez jokatuko da torneoa Shanghain, eta bost milioi euro banatuko ditu saritan.
Bera ez dago harrituta
Woodsek zerrendaburu izateari utzi dio 281 asteren ostean, baina igandean lortu nahi du berriz ere lehen postua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu