Obradoiro 65. Gescrap Bizkaia 79

Berandu, baina garaiz

Gescrapek gaizki jokatu du lehen zatian, baina bikain bigarrenean, eta garaipen ona lortu du, D'Or Fischerri esker

Andoni Urbistondo.
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Obradoiro. Palacio (4), Ere (15), Bulfoni (5), Lasme (4), Kendall (11) —hasierako bostekoa—; Hopkins (10), Rodriguez (3), Junyent (7), Washington, Corbacho (6) eta Cabanas.

Gescrap Bizkaia. Jackson (8), Grimau (4), Vasileaidis (10), D'Or Fischer (23), Banic (15) —hasierako bostekoa—; Mumbru (7), Raul Lopez (5), Fisher (3), Mavroeidis eta Hervelle (4).

Markagailua. 19-15, 43-36 (atsedenaldian); 54-56 eta 65-79.

Epaileak. Hierrezuelo, Perea eta Montserrat. Ez zuten inor kanportu.

Bestelakoak. 5.500 ikusle inguru Fontes do Sar pabiloian.

Giroan tropela Dolomitetatik pasatzen denean bezala jarraitzen du Gescrap Bizkaiak. Batzuetan mantso, ezinean, aldats gora, eta besteetan ziztu bizian, mendate luze horiek 100 kilometro orduko abiaduran jaisten ariko balitz bezala. Atzoko partida aldapa bera erabaki zen, jaisteko igo egin behar dela aintzat hartzen badugu. Hamaikagarrenez, gorabeheratsu aritu zen Bizkaia. Orain ondo, orain gaizki, baina Santiagon lehen zatia izan zen txarra, eta bikaina bigarrena. Alegia, ondo jokatu zuen balantza desorekatzen denean, eta horri esker, garaipen garrantzitsua lortu zuen. Berea egin du, eta orain zain geratuko da, Kopan sartuko ote den edo ez jakiteko.

Zalantza horren gainetik hartu behar da aintzat jarraian irabazitako hirugarren partida dela dagoeneko, eta zortzigarren postuan ez bada, postu horretatik gertu bukatuko duela jardunaldia Katsikarisen taldeak. Lehen erdiari begiratua eman, eta harrituta geratu, eta bigarrenari begiratu eta berdin. Ñabardura batekin. Txarrean batean, eta onean bestean. Bizkaitarren lehen zatia Sienako hamar minutu zoro horien antzekoa izan zelako. Erraztasun franko defentsa lanean, zazpi errebote defentsan, emandako zortzi baloi, eta lau jokalari balorazio negatiboarekin: Vasileiadis, Jackson, Mavroeidis eta Hervelle.

Horrela zaila da irabaztea, baina hainbestean bukatu zuen lehen zatia Bizkaiak. 32-19 galtzen joan zelako bigarren hamar minutukoan, Corbacho hegalekoak sei puntu jarraian saskiratuta. Aspaldiko partidarik onena jokatu zuen Bernard Hopkins zaharrak, eta hura ere lagun izan zuen Corbachok. Zortzi puntu lortu zituen, eta sei errebote hartu, gazte garaietan bezain fin. Gaitz erdi, Bizkaia zazpi punturen kontrako aldearekin bakarrik iritsi zen atsedenaldira, hogei minutuan erraz buelta emateko markagailua.

Zenbakiak errepasatu, eta jokalari bakar batek eman zuen neurria Gescrapen: D'Or Fischer pibota. 16 puntuko balorazioa lortu zuen, baina laguntzarik ez apenas. Banic kapitainarena, baina apala. Beste jarrera batekin ekin behar zitzaion partidari, eta hala izan zen. Bizkaiak partida berdindu zuen 26. minuturako, 50-50, eta modu bitxian berdindu, gainera: D'Or Fischerrek saskia hiru aldiz txikituta errenkadan. Estatubatuarra nahierara ari zen, eta 13 puntu sartu zituen laurden bakarrean, 21 puntu pilatzeraino. Gehitu horri errebote sorta on bat, eta Obradoiroko pibotak beldurtzeko beste indar apur bat, eta partida berak hautsi zuela esatea errazena.

54-56 iritsi zelako aurretik Bizkaia azken hamar minutukoari ekin aurretik. 43 puntu hartu zituzten lehen zatian beltzekoek, eta hirugarren laurdenean 11 baino ez. Adierazgarria da datu hori, defentsa asko gogortu zutelako bizkaitarrek. Ez hirugarren laurdenean bakarrik, azkenekoan ere puntu kopuru berdinera mugatu baitzuen galiziarren erasoko jarduna. 22 puntu denera, lehen zatian hartutakoen erdiak.

Parekatua hasi zen laugarren laurdena, baina Bizkaiak azkar hautsi zuen norgehiagoka. Raul Lopezen hiruko bat, Vasileiadisen beste bat eta agur: 58-68. Bukaeran, 14 punturen alde ona. Orain itxaron egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.