Espainiako Vuelta

Berandu hobe inoiz ez baino

Gaur hasiko da Vuelta, Irunen: urteko azken proba da. Euskal Herrian jokatuko dira lehen bi etapak, baita zazpigarrena ere. Ibilbide bortitza prestatu dute. Carapaz eta Roglic dira faboritoak

Berandu hobe inoiz ez baino.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun

Udazkeneko lore bihurtuta hasiko da gaur Espainiako Vueltaren 75. aldia. Udaren bukaeran ernatu ohi da, baina aurten atzerapenez dator, COVID-19aren izurriaren ondorioz. Egutegia birmoldatu egin zen, lurra goldatzen den bezala, eta sasoiaren hondarrean eta orbel artean agertzea egokitu zaio Vueltari. Ohi baino laburragoa izango da, 18 etapak osatuko baitute, ohiko 21en ordez. Herbeheeretan jokatu behar ziren lehen hirurak, baina bertan behera gelditu dira.Azkenean, Euskal Herritik abiatuko da denboraldiko azken itzuli handia. Tropela Irun eta Arrate artean ibiliko da gaur (Gipuzkoa), eta Iruñea eta Lekunberri artean bihar (Nafarroa). Etziko etapa Lodosan hasiko da, eta, gaur zortzi, irteera Gasteizen eta helmuga Uribarri Gaubean egongo da.

Oso lasterketa menditsua izango da: zailtasun ertaineko zortzi etapa eta goi mendiko bost izango dira. Erlojupekoak berak ere aldapan izango du bukaera. Gainera, funtsezkoa izango da sasoi onean iristea, hasi eta berehala tentetuko baita errepidea. Gaur bertan, Arraten egongo da helmuga, aurrez Udana, Kanpazar eta Elgeta igo ondoren. Bihar, berriz, Girgillao, Urbasa eta San Migel gainditu beharko dituzte. Baliteke azken horrek jokoa ematea, gogorra baitauka (9,5 kilometro eta %7,9ko pendiza ditu, eta zorua zementuzkoa dauka), eta gainetik helmugara 17 kilometro baitaude, jaitsieran. Biharamunean, berriz, lehen mailako Laguna Negran finituko da etapa. Antolatzaileek aukeratu duten mendate berrietako bat da, zortzigarren etapako Moncalvillorekin batera. Igoera mitikoek ere badute tokia, dena den. Horren erakusgarri da seigarren etapa: Tourmaleten bukatuko da, aurrez Portalet eta Aubisque kateatu ondotik.

Frantziako Tourraren usaina darion etapa horrekin amaituko da lehen astea, eta atseden egunaren eta PCR test masiboen ondoren —lehiak adinako ikusmina piztuko dute—, Arabako ibilbide hautsian berrekingo zaio lehiari. Bi aldiz igo beharko dute Orduña (7,9 kilometro eta %7,6); 19 kilometro gorabeheratsu geldituko dira gaina azkenekoz harrapatu eta gero. Moncalvilloko bukaera iritsiko da hurrengo egunean, eta asteburuan mendiko bi etapa handi jokatuko dira. 11.ean, Coladona, Cobertoria, San Lorenzo eta bukaerako Farrapona igoko dituzte, denak ere lehen mailakoak; eta hamabigarrenean, lasterketako mendate klasikoenetako batean egongo da helmuga: Anglirun.

Erabakigarria izango da, halaber, azken asteko lehen etapa. Hainbeste mendateren ostean, baliatu beharreko aukera izango dute espezialistek eta bakarka ondo moldatzen diren igotzaileek, lasterketako erlojupeko bakarrean. 33,7 kilometro izango ditu, eta, oro har laua den arren, bukaeran ia bi kilometroko malda gogorra igo beharko dute Ezaroko begiratokira iristeko. Segadetarako egun egokiak izango dira hurrengoak; maila handiko mendaterik gabeak, baina oso gogorrak. Hamazazpigarren etapan izango dute azken borroka faboritoek, Covatillan gora, Madrilen lasterketari eta txirrindularitza denboraldiari azkena eman aurretik.

Aginte makilaren bila

Tourrean buruz buru aritu ziren Jumbo Visma eta Ineos, tropelean nagusitu nahirik. Herbeheretarrak gailendu ziren, baina saririk gabe utzi zituen Tadej Pogacarrek (UAE). Bada, Vueltan, nor gehiago ariko dira berriz ere. Jumbok Primoz Roglic eta Tom Dumoulin izango ditu lider gisa. Esloveniarrak Tourreko zaplaztekoa ahaztu nahi du, eta herbeheretarra aurrerapausoa ematen saiatuko da, Grand Boucle-an luxuzko bizkartzain gisa ondoren. Ineosen, berriz, Richard Carapazek eta Chris Froomek elkarbanatuko dituzte galoiak. Ekuadortarra ez zen bete-betean lehiatu Tourrean, eta hala ere pedal kolpe bikaina erakutsi zuen. Baliteke ziklistarik indartsuena izatea. Froomeri buruz, berriz, ez dago jakiterik.

Haien itzalpean, ziklista ugari izango da ezustea eman nahian: Aleksandr Vlasov (Astana), Thibaut Pinot (FDJ), Enric Mas eta Alejandro Valverde (Movistar), Daniel Martinez (Education)... Jokatuko diren esprint apurretan, berriz, Pascal Ackermann (Bora) eta Sam Bennett (Deceuninck) izango dira faboritoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.