Realak oztopo bat aurkitu du Europa ligarako bidean. Atletico Madril Espainiako Ligako liderraren etxean jokatu du, eta galdu egin du han. Talde bakoitzak norbere sari potoloa eskuratzeko lehian, Diego Pablo Simeonerenak izan dira nagusi. Lehen postuan daude, eta ez da kasualitate hutsa. Espainiarrek helburua lortzeko urrats garrantzitsua egin dute. Donostiarrek, berriz, bosgarren postuan segitzen dute, Vila-realek eta Betisek egingo dutenaren zain.
Lehen zatian eskas aritu dira txuri-urdinak, eta horrek zigortu du amaieran. Beste munduko jokorik egin gabe, Atletico Madrilek trapu zahar baten gisan astindu du lehen ordu erdian. Donostiarrak bigun aritu dira lehen zatian, eta hori garesti ordaintzen da onenen aurka. Hargatik, eta txuri-urdinek ezin izan dute deus egin Atleticoren hasierako erauntsitik babesteko. Gerora itxura hobetu du, baina beranduegi izan da.
Liga amaieran puntu bakoitzak berebiziko garrantzia du, eta bi partidako astean, ondo kudeatu behar dira indarrak. Horren jakitun, Imanol Alguacilek bost berritasun sartu ditu hamaikakoan; Joseba Zaldua eta Modibo Sagnan atzeko lerroan, Ander Barrenetxea eta Martin Zubimendi erdian, eta Cristian Portuk ere hasieratik jokatzeko aukera izan du. Kontrara, ohiko jokalariak utzi ditu aulkian, Robin Le Normand, Andoni Gorosabel eta David Silva kasu.
Mikel Oiartzabal bai, hasieratik aritu da. Eibartarrak bere 200. partida jokatu du Lehen Mailan. Poz garratza izan da harentzat, nahiz eta datuak haren bilakaera bikaina agerian utzi. Oiartzabalek berriki bete ditu 24 urte. Hura da Realaren oraingo ikurra, eta etorkizunera begirako erreferentea. Atletico Madrilen aurka ere hark jantzi du kapitainaren besokoa, baina ezin taldea hiru puntuak lortzera gidatu.
Izan ere, partida hasi orduko hobeto aritu dira madrildarrak. Lehen hamar minutuetan lau gol aukera izan dituzte, eta bost minutu geroago aurreratu dira markagailuan. Korner baten osteko jokaldian Yannick Carrascok egin du Atleticoren lehen gola. Behin neurketa maldan gora zuela, suspertze txiki bat bizitu du Realak, eta eraso antolaketan hasi da. Alferrik, ordea: 28. minutuan bigarrena egin du Correak, eta kolpe latza izan da hori. Lehen ordu erdirako, izugarri zaildu zaio norgehiagoka.
Bigarren zatian, suspertzea
Realak galtzeko gutxirekin ekin dio bigarren zatiari. Desabantaila handiarekin itzuli da aldageletatik, eta, halere, kosta egin zaio bigarren zatiari neurria hartzea. Atletico Madrilek eroso ekin dio partidaren bigarren erdiari, eta lehen ordu erdian ondo kokatuta egon da. Jakin bazekien egoerak asko okertuko beharko zukeela abantaila kareletik botatzeko.
Donostiarrek suspertzera egin dute zenbait alditan, eta tantaka-tanaka erasora egin du. Aldeak murriztuko asmoz zenbait jaurtiketa egin dituzte, tartean, minutuek aurrera zelairatu den Jon Pachecok. Portuk ere aukera ezin hobea izan du, baina zutoinera bota du baloia. Hegalekoaren saialdi galduak azken aukera iduri du, baina, estrategia jokaldi batean gola egitea lortu du Igor Zubeldiak. Kornerra atera du Martin Merquelanzek, eta azkoitiarrak area txikian arimarekin jaurti du baloia. 83. minutuan izan da; Realak zazpi minutu eta luzapena zituen amesteko.
Estutu dute txuri-urdinek. Atletico Madril urduri jarri da, eta hori probestu dute Imanolenek aurrera egiteko. Jokoan nagusi izan da azken minutuetan, eta berdinketa eskuratzeko aukera izan du. Beranduegi izan da suspertzeko, eta, amaieran, bi goleko lasta handiegia suertatu zaio. Azkenean, Reala esku hutsik itzuli da Donostiara. Bi jardunaldi geratzen zaizkio, eta hurrengora arte bederen Europa ligako postuetan segiko du. Horrekin ez da konformatuko, ordea: liga amaieran egon nahi du hor.