Anoetako estadioa

Beranduenez, 2016an hasiko dira Anoeta eraberritzeko lanak

Estadio berriak 40.000 eserlekutik gora izango du. Atletismoko estadio txikia eta instalazioen ingurua ere birmoldatuko dute.

Estadioko aforoa handitu, harmailak zelaira hurbildu eta atletismoko pistak kentzea barnebiltzen du proiektuak. PABLO MUñOZ GABILONDO
2014ko azaroaren 26a
14:20
Entzun

Anoetako kirol instalazioak eraberritzeko lehiaketarako baldintzak aurkeztu zituen atzo Donostiako Udalak, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Josu Ruiz eta Ricardo Burutaran zinegotzien eskutik. Aurkeztutako dokumentuaren arabera, "2016an beranduenez" hasiko lirateke lanak. Anoeta Kiroldegia enpresa publikoaren administrazio kontseiluak abenduaren 1ean egingo du bilkura, eta hor eztabaidatuko dute udalaren proposamena onartu ala ez.

Hirigintza proiektuak hainbat lan aurreikusten ditu. Batetik, Anoetako estadioa birmoldatuko dute, harmailak zelaira hurbilduz eta atletismo pistak kenduz. Edukiera ere handituko da, eta estadio berriak 40.000 eta 45.000 bitarteko eserleku kopurua izango du. Gainera, hainbat espazio berritzeko asmoa ere barnebiltzen du proiektuak, besteak beste, estadioaren estalkia, aparkalekua, autobusetarako sarbidea eta zelaia inguratzen duen pezoia. Era berean, UEFAk zehaztutako baldintzetara egokitu beharko dute estadioa, 4. mailako estadioa izan dadin.

Bestetik, atletismoko estadio txikia ere berrituko dute. Lehiaketa irabazten duen enpresak estadioaren jarleku kopurua handitu beharko du, eta gutxienez 2.000 eserlekutara iritsi. Gainera, harmaila desmuntagarriak jarri beharko dituzte, egoera berezietan edukiera 5.000 pertsonatara zabaldu ahal izateko. Bi estadioen eraberritzeaz gain, instalazioen ingurua ere urbanizatzeko asmoa jaso dute atzo aurkeztutako proiektuaren baldintzen artean.

Baldintza horien arabera, behin dokumentua onartuta, Europako Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratuko da. Hortik aurrera, 52 eguneko epea izango dute interesatuek proiektuak aurkezteko. Gero, hiru hilabeteren buruan erabakiko da eraberritze lanak nori adjudikatu. Hortik aurrera, 48 hilabeteko epea izango dute enpresek futbol estadioko lanak amaitzeko, eta hamabi hilabetekoa atletismo estadio txikikoak egiteko. Oraingoz, Erreala izan da lehiaketara aurkeztuko dela jakinarazi duen eragile bakarra.

Proiektuak 45 milioi euroko aurrekontua izango du, eta hortik 10 jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak jakinarazi du egitasmoak ez diola kosturik eragingo udalari. Era berean, Donostiak "punta-puntako estadioa" izango duela esan du, eta operazioak "inguru osoa onbideratuko" duela nabarmendu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.