Berasaluze eta Begino sanferminetako finaletik kanpo, 22-15 galduta

Xala eta Pascual Bengoetxea VI.aren eta Beroizen aurka ariko dira gaur arratsaldeko partida nagusian

2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Sanferminetako torneoko A multzoan, Juan Martinez de Irujok eta David Merinok finaletik kanpo utzi dituzte Pablo Berasaluze eta Haritz Begino. Atzo azken horiek ezin izan zuten irabazi (22-15), eta ostiralean ere galdu egin zutenez, torneotik kanpo geratu dira.

Atzo, nekea garesti ordaindu zuten partidaren azken unean. 12na berdindurik joan ziren arren, hor amaitu ziren haien desioak,10-1eko partziala lortu baitzuten irabazleek, 21-13koa ezarriz. Partidan zehar huts asko egin zituzten lau pilotariek, bereziki galtzaileek. Partidako onena David Merino izan zen, ez zuen hutsik egin, eta atzean lasai aritu zen. Orain, Irujok eta Merinok Titin III.aren eta Zubietaren aurka jokatuko dute A multzoko finalerako sailkapena.

Gaur, San Fermin Torneoko B multzoko partida jokatuko da. Xala eta Pascual ariko dira Bengoetxea VI.a eta Beroizen aurka. Xalak eta Pascualek galduz gero, finaletik kanpo geratuko dira; beraz, garaipena beharrezkoa dute.

Ostiraleko partidan, Olaizola II.ak eta Albisuk eskuratu zuten San Fermin torneoko lehen puntua, Xala eta Pascual mendean hartuta (22-18).

Urtasun eta Urrutia txapeldun

Urtasun eta Urrutia nagusitu ziren atzo sanferminetako erremonteko finalean. Urriza eta Etxeberria III.a faboritoak mendean hartu zituzten(40-39).

Hasiera berdintsua izan zen arren (6-6), berehala hartu zuten aginte makila Urrizak eta Etxeberria III.ak (20-10). Une horretan Urrutia bere erritmoa ezartzen hasi zen, eta partida berdintzea lortu zuen (26-26). Urrizak, ordea, ez zuen markagailuan atzetik joan nahi, eta aurrea hartu zuten (38-30). Une horretan finalak irabazlea zuela zirudien, baina urdinek ez zuten amore eman eta berdintzea lortu zuten (39-39). Azken tantoa, Urrutiak egin zuen, sakez, Urrizak partidan zehar eginiko lau hutsegiteetako bati esker. Finaleko jokalari onena Urrutia izan zen, 12 tantorekin, horietako hiru sakez, eta bost hutsegite egin zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.