Izen ia guztiak izan ziren berberak, baina ordena eta emaitza izan ziren ezberdinak. Bezperakoaren kitarakoa hartu zuen atzo Joaquim Rodriguezek Burgosko Itzuliko bigarren etapan. Bezperan bigarren izan baitzen, eta Samuel Sanchez lehenengo. Bezperan bera gelditu baitzen atzerago azken aldapa pikoan, eta Samuel Sanchezek hartu baitzion aurrea. Atzo, aldaparik pikoena jaitsi—Castillo gaina, hirugarren mailakoa—, eta Burgos hiriburuko azken maldan jo zuen erasoa Joaquim Rodriguezek, eta erabat atzean utzi zuen Samuel Sanchez. Indar erakustaldia izan zen harena, eta indar erakustaldia Katuxa haren taldearena. Bezperan ere bi talde horiek aritu ziren nor baino nor gehiago. Atzo ere bai, baina saria beste aldera joan zen.
Burgosen hasi eta amaitu zen atzo bigarren etapa (144 kilometro), eta De Ketele (Vlaanderen) eta Tortelier (Saur Sojasum) bikoak osatutakoa izan zen eguneko lehen ihesaldia. Hiru minutu baino gehiagoren aldea izan zuten, baina une oro izan zuen ihesaldia kontrolpean Euskaltel-Euskadik. Helmugarako 50 kilometro falta zirela jaitsi zen nabarmen iheskideen aldea, eta une hori baliatu zuten Veronak (Burgos 2016) eta Simonek (Caja Rural) aurrera egiteko. Harrapatu zituzten aurretik zihoazen biak, eta 58 segundoren aldea ere izan zuten une batez lau txirrindulariek. Euskaltel-Euskadi, Katuxa eta Geox ez zeuden, ordea, aukera gehiago emateko. Erritmoa bizkortu, eta Castillo gaina igotzen hasi baino lau kilometro lehenago irentsi zituen tropelak lau iheskideak. Indartsuenen garaia zen.
Eta Castillon gora Katuxak hartu zuen ardura, eta erritmo bizia ezarri. Behin galbahea pasatuta, Burgosera bitartekoa lerrobakarrean jarrita egin zuten txirrindulari guztiek. Karpets Katuxakoa hasi zen tiraka, eta hari segika egin zuten bidaia beste guztiek. Helmugarako bi kilometro falta zirela jo zuten aurrera Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno Katuxakoek. Hasieran bazirudien Samuel Sanchezek erantzuteko aukera izango zuela, baina Purito Rodriguezen bigarren erasoak erabat utzi zuen atzean Samuel Sanchez. Bakarrik sartu zen helmugan Purito, eta zazpi segundora Samuel. Gaur, taldekako erlojupekoa jokatuko dute Pradoluengo eta Belorado artean (11,6 kilometro). Katuxa da irabazteko hautagai nagusia.
Sagan berriro nagusi Polonian
Peter Saganek (Liquigas) irabazi zuen atzo ere Poloniako Itzuliko bosgarren etapa. Bezperan jokatutakoa ere txirrindulari eslovakiarrak irabazi zuen, eta lider jarri zen. Atzokoa irabazita, liderrago da orain. Esprintean nagusitu zen Sagan, Matthews (Rabobank) eta Hausslerri (Garmin) aurrea hartuta. Sailkapen nagusian 15 segundora du Saganek Marcato.
Berberak bai, baina ezberdin
Bezperan ez bezala, Joaquim Rodriguezek utzi du atzean Samuel Sanchez, eta etapa eta lidergoa lortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu