Arrauna. Kontxako Bandera

Berdea, aurkari eta lagun

Kontxako banderaren lehen jardunaldia jokatuko dute gaur, eta denboraldiko emaitzen arabera, Kaiku da faboritoaItsaso eta eguraldi txarra dago iragarrita, eta estropada erabat baldintza dezakete

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Hemen da denboraldiko estropada preziatuena. Arraun munduan dabilen ororen kuttunena. Bandera hau astintzea dagoen eta momenturik handiena da arraunlariarentzat. Bandera hori irabazteko grinak bultzatuta hasi da arraunean bat baino gehiago. Kontxako estropada handia da. Handiena. Handitasun horren aurtengo lehen ekitaldia gaur jokatuko dute, eguerdian hasita.

Zaleek kolorez jantziko dute Donostiako badia. Beste inon baino gehiago biltzen dira, eta ostegunean sailkatu ez ziren traineruetako koloreak ere sailkatutakoen koloreekin nahasiko dira. Koloreak aipatzen hasita, bat nabarmentzen da lehiaren aurretik: berdea. Faborito nagusiaren kolorea berdea delako, batetik, eta itsasoa ere berde jantzita esnatuko delako gaur, iragarpenen arabera. Trapaila emanda dago, haize-olatua, eta ez da arraunlarien gustukoa izaten. Olatu garbia egokia da arraunean gozatzeko, baina trapailak nahasi egiten ditu gauzak, zikina izaten delako, edozein unetan eta edozein norabidetatik azaltzen dena.

Berdearen jiran joango da, hortaz, gaurko lana. Berde kolorekokluba dute denek aurkari, baina laguna ere izan daiteke berdea,itsaso txarrari dagokionez, nahiz eta esan bezala, arraunerako oso egokia izan ez. Lehen txandan Kaiku da faboritoa, nola ez. Aurre egitekotan, Urdaibaik egingo dio. Baina hobetu beharko du azken asteetako lana horretarako. Gaia daukatela ezin da ukatu, eta kale edo bale egiteko ordua heldu zaie. Bermeokoen inguruan, ondorengo galdera dabil bueltaka: ez al dute nahita egin behera aurreko asteetan, Kontxa hobeto prestatzeko? Baliteke. Gaur jakingo da galdera hori ondo eginda dagoen, eta hala baldin bada, erantzuna nolakoa den ere eguerdian ezagutuko da. Erantzun horretan Kaikuk berak ere har dezake hitza. Izan ere, ematen du berea ondo eginez gero, aurkariak urruti samar dauzkala. Hortaz, ondorengoa gerta daiteke: biek sekulako lana egitea, eta Kaikuk Urdaibairi aldearekin irabaztea. Beste lehiakideek ez daukate aukera handirik txandan gailentzeko lehian. Pedreñak gerra pixka bat eman dezake, bazterrak nahasi, baina denboraldian zehar eraku- tsitakoaren arabera, ez luke beste bien arteko lehian sartu behar. Donostiarraz zer esan. Denboraldi polita egin du KAE ligan, eta horixe du bere maila. San Miguel ligako aurkariak izango ditu Kontxako guztiak, eta koska batzuk beherago dago. Lan duina egiteko asmoz aterako dira Joxe Ramon Mendizabal Mendi-ren arraunlariak. Iazko lanaren eredua hor daukate, duintasunez aritu baitziren. Hura berriz egitea behar lukete izan helburutzat.

Bigarren txanda etorriko da gero. Itxuraz, lehenengoa baino berdinduagoa. Aurrez uste den parekotasuna betetzen bada, ikusgarria izan behar du Astillero, Tiran, Hondarribia eta San Juanen arteko lehiak. Apustuak egiteko buruko min dezentea sortzen duen txanda da bigarren hori. Noren alde egin? Tiranek sekulako gorakada jo du abuztuan; batez ere, larunbateko estropadetan. Itsaso txarraren zain daudela esan dute, gainera, eta handiren bat egiteko gai dira galiziarrak. Hondarribiak ez du hutsik egin ligan, erregular ibili da, eta konfiantza handia ematen du. Itsaso txarrean nola moldatzen diren ikusita, txandako buru izateko hautagaitza are gehiago indar- tzen zaio. Astilleroren inguruan, ezin esan erregulartasuna tostetan duenik. Ligan, uste baino apalxeago ibili da, baina orain jakin da zergatia: ikusirik aukerarik gabe geratu zirela Portugaleteko istripuaren erruz —Urdaibaik jo egin zuen—, Kontxara begira jardun dute lanean. Emaitza ona izan dela ostegunean ikusi zen, baina gaurkoa beste upeleko sagardoa izango da. Azkenik, San Juan dago. Horiek ere Donostiara begira prestatu dira, eta hobeto dabiltza azkenaldian. Itsaso makurra gustuko dute, eta ondo moldatzen dira. Gaitasuna dute txandaren muturrean ibiltzeko.

Kaleen arteko aldea

Txanden azterketa traineru bakoitzaren ibilia kontuan hartuta egin eta gero, beste aldagai batzuei ere jarri behar zaie arreta. Eta sekulako garrantzia har dezakete. Hor dago kaleen arteko aldea. Donostiako eremuan beti egon izan da, eta itsasoa mugitua dagoenean, handitu egiten da. Kaikuko patroiak, Asier Zurinagak, garbi esan du: «Hirugarren kalea nahi dut, eta Urdaibairi aurrenekoa toka dakiola».

Beste aldagai garrantzitsua da txanda batetik bestera eguraldiak egin dezakeen aldaketa. Normalean, gorantz egiten du haizeak, eta gaurko hala dago iragarrita. Betetzen bada, eta itsaso txarra emanda dagoenez, oztopo handia daukate bigarren txandakoek. Aldiz, itsaso berdea eta haizea alde izan ditzakete Kaikuk eta Urdaibaik, lehia bien artera murrizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.