Omega Pharma zen faboritoa gaur 25 kilometroko taldekako erlojupekoa irabazteko, baina Orica Greenedge hegan ibili da Nizan. Segundo bakarra atera diete australiarrek belgikarrei, eta segundo horrexek utzi du Omega ezertxo gabe; ez etapa garaipenik eta ezta liderraren maillotik ere Michal Kwiatkowskirekin. Tarteko erreferentzian Omegarena izan da denborarik onena, Saxori segundo bat eta Oricari hiru aterata, baina, Omegaren erreferentziak entzunez, bigarren erdi hobea egin dute australiarrek. Segundo batera geratu da Omega, hirura Sky, bederatzira Saxo, eta hamazazpira Lotto eta Garmin. Euskaltelek oso lan txukuna egin du lehen erdian, lehen hamahiru kilometroetan. 16. denborarik onenarekin zihoazen orduan euskaldunak, Omegarengandik 25 segundora, eta sei talde atzean utzita. Baina Mikel Nieve erori egin da gero bihurgune batean, leitzarraren zain geratu dira taldekideak, eta 1.24 minutu galdu dute azkenean. Sailkapen nagusian Simon Gerrans (Orica) jarri da lider, Daryl Impey eta Michael Albasini taldekideen denbora berarekin, eta segundo batera geratu dira Kwiatkowski eta Sylvain Chavanel (Omega). Faboritoen artean, Chris Froomek (Sky) sei segundo atera dizkio Alberto Contadorri (Saxo), eta denbora horixe bera dago orain sailkapen nagusian bien artean. Cagnes sur Mer eta Marseilla artean, Tourreko bosgarren etapa jokatuko da bihar, 228,5 kilometrokoa. Hirugarren mailako koska bat eta laugarren mailako bi daude tartean, baina esprinta izango da, ondo bidean.
Txirrindularitza
Berdetik horira, Orica eta Gerrans
Orica Greenedgek ezustekoa eman du taldekako erlojupekoan, Omega Pharmari segundo bat aterata, eta Simon Gerrans australiarra jarri da lider.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu