Berdinen arteko lehia

Gaur Cornella El Praten irabaziz gero, Realak Espanyol harrapatuko du, ezustekoa ematen ari den beste taldeaElustondo eta Aranburu ez dira ariko, eta Lasartek Illarramendi sartu du deialdian

Diego Rivas eta Markel Bergara, baloia berreskuratzeko prest, Osasunaren aurkako derbian. Biak hasieratik ariko dira gaur euskarrian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Antzekotasun ugari daude Realaren eta Espanyolen artean. Ez bakarrik elastikoaren koloretan. Biak daude harrobia ondoen lantzen duten taldeen artean, eta biak ari dira denboraldi honetan ustekabea ematen. Espanyolek sailkapenaren eremu apalean eman zuen aurreko denboraldi ia osoa, baina aurrerapausoa eman du sasoi honetan. Are handiagoa izan da Realak emandakoa, igo berria izan arren, Europako postuetan ate-joka baitabil. Etxeko partidak dira sendotasunaren oinarria bientzat: zortzi partida irabazi ditu Realak Anoetan, eta beste horrenbeste Espanyolek Cornella El Praten. Hori guztia gutxi balitz bezala, berdinketa gutxien pilatu dituzten bi taldeak dira Lehen Mailan: bakarra baino ez.

Jokoan ere, tankera bereko ezaugarriak badituzte, hala nola bizitasuna, Martin Lasartek atzo aitortu zuenez. Eta badago bi taldeak lotzen dituen jokalari bat: Raul Tamudo. Espanyolen iragana eta Realaren oraina, eta etorkizuna akaso, kontratua berritzen baldin badu. Mito bizia da aurrelaria Espanyoleko zaleentzat. Zeharo pozoitu zen haren egoera joan den denboraldian, eta atzeko atetik utzi behar izan zuen kluba. Hala ere, seguru harrera beroa egingo diotela. Asko hitz egin da aste honetan Bartzelonan Tamudori buruz. Itzulerari garrantzia kendu diote Maurizio Pocchetinok entrenatutako jokalariek, baina ikusi beharko da hitz egindako guztiak ez dien txarrerako erasaten. Hala bedi.

Berdinen arteko lehia da gaurkoa, baina antzekotasunak hor bukatzen dira. Izan ere, bien dinamikek ez dute inolako zerikusirik. Realak azken bi partidak irabazi ditu, aurkari zuzenen aurka, gainera: Osasuna eta Sporting. Bi garaipen kateatzen dituen hirugarren aldia da sasoi honetan. Espanyolek, berriz, lau porrot daramatza jarraian. Egia da horietatik bi Vila-real eta Real Madrilen aurkakoak izan direla, etxean. Haatik, Nafarroako Erresuman lau gol sartu zizkion Osasunak aurreko jardunaldian. Realari gauza bera gertatu zitzaion duela gutxi, Bartzelona, Valentzia, Zaragoza eta Sevillaren aurka galdu zuenean, baina Getafen hartu zuen ordaina gero. Beraz, hobe Espanyolen bolada txarrari garrantzi handirik ez ematea.

Jokalariak saldu egin ditu Espanyolek, eta lesio garrantzitsuak izan ditu, Osvaldorena, batez ere. Baina Realak ere hutsune handiak ditu gaurko, zelai erdian batez ere, Elustondok eta Aranburuk ezingo baitute jokatu. Aukera mordoa du Lasartek Rivasen laguna aukeratzeko. Postuak aldatzen hasita, Demidov aurreratu dezake, edo Zurutuza atzeratu eta hiruko lerroa berritu. Hala ere, sekula ez da izan uruguaitarra esperimentu zalea. Markel eta Illarramendi dira hautagai logikoak. Mutrikuarra aspaldian dabil kazetari eta zaleen ahotan, eta zaila da gaurkoa baino aukera aproposagoa irudikatzea berarekin ausartzeko. Markel, berriz, Rivasekin aritutakoa da, baina, sormenari begiratuta, zerbait falta zaio bikote horri.

Aldaketak hamaikakoan

Carlos Martinez ere deialdian sartu da, eta Ansotegi kanpoan gelditu izana da ustekabe nagusia, Labakaren mesedetan. Realak bi jardunaldi daramatza golik jaso gabe, denboraldi honetan aurreneko aldiz, eta defentsan izan dituen arazoak ikusita zentzu handirik ez du lerroa aldatzeak, baina Ansotegiri «arnasa» eman nahi izan dio entrenatzaileak, datorren asteazkenean Levanteren aurkako partidan «sasoi betean» edukitzeko, Espanyolen ezaugarriak horretarako egokienak direlakoan. Duela gutxi aita izan dela ere aipatu zuen atzo.

Pocchetinok entrenatutako taldeari loreak bota zizkion uruguaitarrak: «Talde ona da, desberdina. Egun ona eta kontzentrazio maila bikaina eduki beharko dugu partida gure alde jartzeko. Erritmo handian jokatzen du Espanyolek. Goian postuak asko trukatzen ditu, dinamikoa da, eta zehatza baloiarekin. Asko zabaltzen du zelaia, etxean batez ere». Oso denboraldi ona egiten ari dela, eta puntuez haratago, «joko gustagarria» egiten duela gaineratu zuen Lasartek. Izan ere, dotorezia handiko jokalariak ditu Espanyolek: erdilari fina da Marquez, eta irudimentsua Verdu. Callejonek eta Luis Garciak, berriz, min handia egiten dute diagonaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.