ATHLETIC-ESPANYOL

Berdinketa, eta pozik

Athleticek bana egin du etxean, eta ez da emaitza txarra, Espanyol gehiago izan delako. Zuri-gorriak itzulikoan gola sartzera behartuta daude finalerako sailkatzeko.

Athleticen eta Espanyolen arteko partidako une bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko otsailaren 12a
09:25
Entzun

Ez zen Athletic izan. Ez behintzat historikoki loria egunetan azaleratzen den Athletic hori. Partida handiegia zirudien zuri-gorriek emaniko mailarentzat. Kopako finalerdi batek gehiago eskatzen du. Anbizioa, konfiantza, ausardia... eta, bide batez, jokoa. Izaera eta zehaztasuna falta izan zitzaion Athletici atzokoan, eta emaitza ona ez izan arren, pozik bukatu zuen. Okerrago izan zitekeen, Espanyolek bigarrena sartzeko hainbat aukera izan zituelako.
Berdinketak analisi erraza du:  Athleticek gola sartu behar du Bartzelonan. Martxoaren 4an jokatuko du itzulikoa, eta maila asko hobetu beharko du finalean sartzeko. Espanyolek itxaron egingo diolako, eta atzo Athletic itsu utzi bazuen, etxean errazago egingo du. Tira, ez zen oso zaila izan, etxekoen argi izpi bakarra Aritz Adurizen bila eginiko pase luzeak izan zirelako.    


Partida aurretik estadio inguruan bizitako euforiak, lehia hasi eta berehala egin zuen eztanda (11. min). Adurizek, nork bestela, gol dotorea lortu baitzuen. De Marcosek pase neurtua eman eta Espanyolen bi erdiko atzelarien artean kamuflatuta Pau Lopezen gainetik loratu zuen baloia. Erremate bikaina izan zen. Zailena egina zegoen eta taldea lasaitu zuen. Lasaitasuna, baina, gehiegi zabaldu zen. Lehen zatia motela izan zelako, oso makala. Motelegia Valverderen gusturako. Joko gutxi eta ostiko asko egon ziren. Athleticek, baina, gutxienez emaitza alde zuen.
Etxekoek ezer gertatu gabe denbora pasa zedila nahi zutela zirudien. Lehen zatia arraroa izan zen. Eta ez zen ia ezer pasa,  Jon Aurtenetxek erdiraketa bat gaizki urrundu zuen arte (34. min). Ezker hegalekoa hasieratik aritu zen aspaldiko partez, eta kalbarioa igaro zuen, Espanyolek bere hegala bilatu baitzuen.  Golean berak egin zuen huts, eta bere aldaratze eskasa, area ertzean utzi zuen baloia, Victor Sanchezek baliatu zuen gol ederra sartzeko. (34. min). Kanpokoak pozik iritsi ziren atsedenaldira, emaitza alde zuten eta askorik sufritu gabe. 


Espanyol, asko barkatzen
Espanyolek hobeto ekin zion bigarren zatiari eta hiru aukera izan zituen lehen hamar minutuetan. Athletic, artean, hotz, zirrikiturik aurkitu ezinik. Erritmoa bizitu beharra zeukan, baloiak eta jokalariak mugitu.Valverdek Viguera eta Aketxe batera zelairatu zituen partida irauli asmoz.


Aldaketek ez zuten eraginik izan. Arrisku apurra geldikako baloietan iritsi zen. Espanyolek, aldiz, bi  aukera oso garbi barkatu zituen azken txanpan. Caicedok izan zuen aurrenekoa (82. min) eta bigarrena Victor Alvarezek (84. min). Bere burukada zutoinera joan zen. Gaitz erdi. 

Athletic. Herrerin; Iraola (I. Gomez, 78. min.), Gurpegi, Etxeita, Aurtenetxe; San Jose, Beñat; Susaeta (Viguera, 66. min.), De Marcos, Muniain (Aketxe, 66. min); eta Aduriz.

 
Espanyol. Pau Lopez; Javi Lopez (Sevilla, 88. min), Colotto, Hector Moreno, Fuentes; Lucas Vazquez, Victor Sanchez, Arbilla, Victor Alvarez (Montañes, 91. min.);  Sergio Garcia  eta Stuani (Caicedo, 68. min.).


Golak. 1-0. Adurizek (11. min.); 1-1. Victor Sanchezek (34. min.).


Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Athleticeko Gurpegi, Herrerin eta Aurtenetxeri; eta Espanyoleko Montañesi.

Bestelakoak. Bete egin zen San Mames, 50.000 ikusle inguru izan ziren harmailetan. Istiluak egon ziren partidaren aurretik. Espanyolen autobusari harriak bota eta bi kristal hautsi zizkioten. Espanyoleko zale bat i eraso egin eta sudurretik odoletan utzi zuten. Ez zuen ospitalera joan beharrik izan.
Finalerdietako beste kanporaketa. Bartzelona-Vila-real (3-1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.