Futbola

Berdinketa gazi-gozoa, azkenean (2-2)

Oriol Rierak sartu ditu Osasunaren bi golak, eta epaileak Sergio Ramosi txartel gorria ateratzearekin batera lortu du Iscok 2-1ekoa. Silva kaleratu berritan, Pepek lortu du berdinketaren gola, 80. minutuan.

Rieraren lehen gola. J. MANTEROLA, ARP
unai zubeldia
2013ko abenduaren 14a
23:17
Entzun

2-0 aurretik jarri eta aurkaria jokalari bat gutxiagorekin zegoela, ezin irabazi, azkenean. Baina Osasunak puntu ona lortu du Real Madril erraldoiaren aurka. Nafarrek bikain jokatu dute lehen zatian, Oriol Rieraren bi golak tartean. 16. minutuan dotore asmatu du Marc Bertranek eskuin aldetik bidalitako erdiraketa sareetara bidaltzen. Eta 38. minutuan, korner batean, Damiak buruz errematea egin, Diego Lopezek urrundu, eta Oriol Rierak berak sartu du bigarren gola, buruz. Real Madrilek egurrean ekin dio partidari, baina itzaliz joan da pixkanaka-pixkanaka. Hori bai, 45. minutuan, epaileak Sergio Ramosi bigarren txartel horia atera eta hurrengo jokaldian, Iscok sartu du 2-1ekoa, area ertzetik egindako jaurtiketarekin. 79 minutuan epaileak bigarren txartel horia atera dio Silvari, eta hamar jokalarirekin geratu da Osasuna ere. Eta hurrengo jokaldian, Pepek lortu du 2-2koa.

Lehen golaren aurretik, 5. minutuan, Cristiano Ronaldok eduki du ordura arteko aukerarik onena, Arribasek irrist egin eta portugaldarrak area txikian bertan baloia jaso duenean. 10. minutuan, berriz, kontraeraso azkarrean, Iscok takoiarekin utzi dio baloia Cristiano Ronaldori, eta portugaldarrak kanpora bidali du gutxitan barkatu ohi duen jaurtiketa. Osasunak lehen gola sartu berritan, Arribasek Modrici egindako penaltia eskatu du Real Madrilek. Epaileak ez du adierazi, baina nahiko argia zirudien. 23. minutuan, Cristiano Ronaldok oso behartuta egin du errematea Andresek goialdetik, baina kanpora joan zaio errematea. Minutu horietan Osasuna dotore aritu da zelai erdiko presio lanean. 32. minutuan bigarren gola lortzeko zorian egon da Osasuna, Cejudok falta jaurtiketa bat zuzen-zuzenean atera bidali duenean. Diego Lopez estu eta larri ibili da baloia urruntzeko.

Bigarren zatiaren hasieran Cristiano Ronaldok area barrutik oker egindako jaurtiketa izan da madrildarren aukerarik onena. Jokalari bat gutxiagorekin, Xabi Alonso aritu da erdiko atzelari lanetan, baina erabat itota egon dira madrildarrak. 70. minutuan, kontraeraso batean, Roberto Torres bakar-bakarrik geratu da Diego Lopezen aurrean, baina geldiketa ona egin du atezainak. 79. minutuan, berriz, epaileak bigarren txartel horia atera dio Silvari, eta Osasuna ere hamar jokalarirekin geratu da. Hurrengo jokaldian berdindu du partida Pepek. Real Madril estu hartuta, berdinketa ona azkenean.

Ondorengoak izan dira hamaikakoak:

Osasuna: Andres; Marc Bertran, Arribas, Loties, Damia; Silva, Lolo; Cejudo, Armenteros, Roberto Torres; eta Oriol Riera.

Real Madril: Diego Lopez; Carvajal, Pepe, Sergio Ramos, Marcelo; Xabi Alonso, Modric, Isco; Bale, Cristiano Ronaldo eta Benzema.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.