REALA 2-2 BARTZELONA

Berdinketa handia lortu du Realak

Realak merezitako berdinketa erdietsi du Anoetan, Bartzelonaren aurka. Ordu erdiren faltan neurketa orekatu du, eta aurrea hartzeko aukerak izan ditu azkeneraino

Mikel Oiartzabal, lehen gola ospatzen. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2019ko abenduaren 14a
20:24
Entzun

Argigarria izan da epaileak Anoetan amaiera adierazi duen unea. Harmailetatik inor gutxik alde egin du, eta zaleek txalo artean agurtu dute Reala. Jokalariek, berriz, Aitor Zabaleta harmailarako bidea hartu dute, haien babesa eskertzeko. Donostiarren bolada onaren adierazpide nabarmena izan da. Gaur ere, Bartzelona ahalguztidunaren aurka puntu bat erreskatatzea lortu dute txuri-urdinek, markagailuan atzetik joan eta gero, eta erakutsi dute denboraldi honetan egindako lan ona ez dela kasualitatea. Talde serioa da Reala, eta berdin zaio zein aurkari duen aurrean: sasoi amaieran sailkapenaren goialdean egon nahi du.  

Aurkariaren beldurrik gabe aritu da Reala norgehiagoka hasi eta buka. Etxean jokatutako neurketa batean inoizko zale gehien joan da txuri-urdinak hauspotzera (36.639 ikusle), eta haiek emandako arnasa ezin hobeto etorri zaio Imanol Alguacilen taldeari norgehiagoka hasieran. Lehen minutuetan bikain aritu da Reala; Donostiako taldeak bazekien Bartzelona estu hartzekotan, lan handia egin beharko zuela, eta horretarako prest zelairatu da. Txuri-urdinek erritmo bizia ezarri diote neurketari lehendabiziko minutuetatik; Bartzelonaren atera bideratzeko zirrikituren bat zabaldu beste xederik ez du, eta ondo moldatu da horretan.

Hasierako minutuetan, elkar hartuta aritu dira erasoko jokalariak; Martin Odegaardek, Alexander Isakek eta Mikel Oiartzabalek izugarri ondo ulertu dute elkar. Hiru haiek itsasargi hartuta, etxekoek Marc Andre Ter Stegenen arearantz jo dute etenik gabe. Txuri-urdinek arriskua sortu dute estreinako minutuetan; konbinazio onak eginda saiatu dira min egiten.

Neurketaren hasierak traza ona hartu du etxekoentzat, eta berehala berretsi du hori. Bartzelonaren areara egindako erdiraketa baten alderatzean elastikotik heldu dio Sergio Busquetsek Diego Llorenteri, eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du. Mikel Oiartzabalek ez du hutsik egin, eta aurretik jarri ditu txuri-urdinak.

Abantailak ez du Realaren lasaitzea ekarri. Bere horretan segitu dute txuri-urdinek, eta nagusitasunez aritu dira zelaian hurrengo minutuetan ere. Haiena zen baloia, baina Bartzelonak erakutsi du kalitatea dagoen lekuan edonoiz egin daitekeela min. Kontraeraso batean Antoine Griezmannek jaso du baloia, eta frantziarrak ez du barkatu bere talde ohiaren aurka. Bi taldeak berdinduta joan dira atsedenaldira.

Hozka egiteko asmoz zelairatu da Reala bigarren zatian ere, baina ezin okerrago atera zaio apustua. 48. minutuan, erasora egin dute bisitariek, eta atzelarien bizkarrera emandako pase bat jaso du Lionel Messik. Argentinarrak Luis Suarezi eman dio baloia, hark nahieran errematatu dezan. 1-2. Maldan gora jarri zaio partida Realari.

Aurkako golak ez du Reala kikildu, eta Bartzelonarekin nor baino nor gehiago aritu da. Hain justu, hori zen txuri-urdinek nahi zutena, prestatzaile oriotarrak partida amaieran prentsaren aurrean adierazi duenez: «Aurkaria ona zen, baina guk ere talde ona dugu; nire beldurra zen gu geu ez izatea, baina nortasunarekin atera gara. Sekulako partida egin dugu, eta gozatzekoa izan da. Pena, irabazteko aukerak izan ditugulako».

Irabazteko ez, baina berdintzeko moduan izan da Reala. Partida 60. minutura iristear zela erdiraketa bat egin du Natxo Monrealek, eta Ter Stegenek ez du hura ondo urruntzea lortu. Isaki iritsi zaio baloia, eta aurrelari suediarrak sareetara jaurti du. Handik aurrera bizitu egin da partida, eta bi taldeek izan dituzte hiru puntuak eskuratzeko aukerak. Inork ez du lortu, ordea, eta sari bera jaso dute maila handiko bi taldeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.