Bizkaiko Diputazioak, BBK-k eta Athleticek eman dute San Mames berria egiteko lehen urratsa, elkarrekin hitzarmena sinatuta. Beharrezkoa da zelai berria. Arrazoi askogatik. Ekonomikoak gehienak. Halere, iaz zein denboraldion hamabostean behin San Mamesera joan diren zaleek kirol arrazoiak ere izango dituzte. Talde zuri-gorriak arazo handiak ditu etxean irabazteko. Beraz, batek baino gehiagok zelaia aldatzea izango dela onena pentsatuko du. Zale sutsuenek gauza guztiak hartzen dituzte aintzat.
Levanteren aurka, ordea, San Mames ez da aitzakia izango. Athleticek kanpoan jokatuko du, Ciutat de Valencian. Orain arte, etxetik kanpo katedralean baino puntu gehiago irabazi ditu talde bizkaitarrak. Datu horrek, ordea, ez dauka zerikusirik zelaiarekin. Jokatzeko erarekin baizik. Gaur egun Espainiako Ligan ari diren talde gehienek antzera jokatzen dute etxetik kanpo. Ez dute aparteko arriskurik hartzen. Lehentasun nagusia golik ez hartzea da. Horretarako, defentsako lana sendotu, zelai erditik atzera jokalariak pilatu, eta kontzentrazioa mantentzea izaten dira erabiltzen dituzten armak. Halaber, garaipenaren bila itsu-itsuan joan ez arren, jakin badakite lehenago edo geroago neurketa irabazteko aukera izango dutela: kontraeraso bat, aurkariaren akats bat, estrategia jokaldi bat... nahikoa izaten da partida hankaz gora jartzeko. Eta talde batek aurrea hartzen badu, oso gaitza da neurketari buelta ematea.
Athleticek ere gainerako taldeek erabiltzen duten estrategia berbera erabiltzen du. Orain, gainera, emaitza onak eskuratzen ari da. Horretarako, joko zuzena baliatu du. Baina, batez ere, oparirik ez egiteak eman dizkio puntuak. Aurkariari erraztasunak ez ematea ezinbestekoa da egungo futbolean.
Levanteren aurka ere ez du jokatzeko era aldatuko. Orain ikusteko dago aurkariak nola egingo dion aurre neurketari. Asteon aldatu egin dute entrenatzailea. Abel Resino atezain ohiak hartu du Lopez Caroren postua. Iaz lan bikaina egin zuen Abelek Bigarren Mailan, baina ikusteko dago nola egokituko den Lehen Mailara. «Ez dakigu nolako Levante aurkituko dugun. Hori bai, jokalariak ezagu- tzen ditugu. Kapo da zaindu beharreko futbolaria», adierazi zuen Joseba Garmendiak.
Astean ikusitakoaren arabera, atzeko lerroa aurreratu egingo du Abelek. Halaber, erasoko jokalarien aldeko apustua egingo omen du. Dena dela, Levanteren dohain nagusia arlo fisikoa da. Oso jokalari indartsuak dira.
ALDAKETAK ATHLETICEN. Levanteri aurre egiteko aldaketak egingo ditu Manek. Joseba Etxeberria izan da min hartu duen azken jokalari zuri-gorria. Ondorioz, guztira sei jokalari daude taldean min hartuta. Nor baino nor garrantzitsuagoak, gainera: Etxeberria, Lafuente, Ustaritz, Prieto, Tiko eta Orbaiz. Hori gutxi balitz bezala, Javi Martinezek, Yestek eta Amorebietak launa txartel hori dituzte. Ondorioz, baliteke Manek haietako bat derbirako gordetzea.
Atzeko lerroan ez dirudi nobedaderik egongo denik. Manek aukera gutxi ditu, eta, gainera, azken jardunaldietan ondo ari dira jokatzen. Sarriegi eta Exposito sasoiko unerik goxoenean daude. Amorebietak sekulako maila eman zuen Vila-realen aurka, eta Casas da lehen taldean dagoen ezker hegaleko bakarra. Beraz, ez dago aldatzeko arrazoirik. Euskarrian Murillok eta Iraolak jarraituko dute. Ez da haien berezko postua, baina oso ondo ari dira jokatzen.
Erasoan aritzen diren jokalarien artean egon daitezke nobedadeak. Etxeberriak ezin izango du jokatu. Ondorioz, baliteke, aspaldiko partez, Adurizek hasieratik jokatzeko aukera izatea. Urzaizen ondoan joka dezake, bigarren aurrelari gisa. Eskuin hegalean, Javi Martinezi atseden emateko aukera zuen Mane entrenatzaileak, baina jokatu egingo du azkenean, nafarrak lau txartel hori dituen arren. Joseba Garmendiak, beraz, aulkian hasiko du printzipioz partida. Ezker hegalean egon daitezke nobedadeak. Vila-realean aurka Gabilondok jokatu zuen, baina Levanteren kontra Yeste ari daiteke hasieratik. Basauritarra taldeko jokalari onena da.
Berdinketa haustera
Manek hamaikakoan egingo dituen aldaketekin, Athleticek atzean utzi gura du Levante sailkapenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu