Gola: 0-1: Ibrahimak (7. min.); 1-1: Guizak (62. min); 1-2: Ibrahimak (66. min.); 2-2: Guizak (76. min,) Epailea: Paradas Romero. Txartel horia Getafeko Ruben Perezi eta Miguel Torresi, eta Osasunako Damiari, Nekunami eta Andres Fernandezi. Bestelakoak: 8.000 bat ikusle Getafeko Coliseum Alfonso Perez estadioan. Espainiako Ligako 10. saioko partida.
Alferrik da, etxetik kanpo etxean bezain emaitza onak lortu nahi ditu Jose Luis Mendilibarrek, baina atzo ere argi geratu zen helburu zaila dela hori Osasunarentzat. Zaragozari irabazi ostean, etxetik kanpo sasoiko lehen partida irabazi nahi zuten gorritxoek; bi aldiz aurreratu ziren markagailuan, baina azkenean berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Getafek itxura kaskarra eman zuen, baina Osasunak ere ez zuen aparteko joko erakustaldirik egin. Azkenean, berdinketarekin konformatu behar izan zuten Jose Luis Mendilibarren jokalariek, eta berdinketa emaitza bidezkoa bezain ona da nafarrentzat.
Lehen zatia ezin hobeto hasi zen Jose Luis Mendilibarren jokalarientzat. Nahiz eta lehen bizpahiru minutuetan Getafe jokoan gehiago izan, Osasunak gola sartu zuen Getaferen areara gerturatu lehendabiziko aldian. Raul Garciak arean jarri baloi bat buruz atera errematatu zuen Ibrahima senegaldarrak, hegalean jokatu arren aurrelaria dela erakutsiz. Moya atezainak irrist egin zuen azken unean, eta Ibrahimaren burukadari ezin izan zion erantzun Getafeko atezain katalanak. Erantzukizun guztia Getaferi utzi eta kontraerasoan partida erabakitzeko aukera paregabea zeukan Osasunak. Baina atsedenaldia bitartean sufritu besterik ez zuten egin Mendilibarren mutilek.
Diego Castrok bi aukera on izan zituen ordu erdia bete aurretik, eta Pedro Riosek ere Andres Fernandezen irteera kaskar batean gola sartu ahal izan zuen Getaferentzat. Markagailuan nagusi zen Osasuna, baina jokoan asko ari zen sufritzen Mendilibarren taldea. Ikusten ari zena gustatzen ez zitzaiola garbi utziz 27. minutuan Cejudo zelaitik kendu eta Damia sartu zuen entrenatzaile zaldibartarrak berdegunean. Haserre aldegin zuen Cejudok, baina sasoi hasiera honetan ez da bere mailarik onena ematen ari eta Damia atzealdean sartu eta Raitala ezker hegalean aurreraxeago kokatuta Getaferen erasoak zertxobait baretzea lortu zuen Mendilibarrek. Hargatik, Osasunak bigarren gola egiteko aukerarik sortu gabe jarraitzen zuen.
Bigarren zatian hobeto jokatu zuen Osasunak, baina zelaian erosoen zeudela zirudienean nafarrek berdinketaren gola jaso zuten. Guiza aurrelariak hamar minutu besterik ez zeramatzan berdegunean area ertzean aldaratze bat jaso eta baloia zutoinaren ondotik gorritxoen ate barrura bidali zuenean. Lur jota geratu ordez, Osasunako jokalariek Guizaren golaren aurrean erantzun bikaina izan zuten, ordea, atsekabeen ostean suspertzeko gai direla erakutsiz. Getafek berdinketa lortu zuen unetik lau minutu besterik ez ziren igaro lehen golean bezalaxe Raul Garciak eta Ibrahimak jokaldi dotorea egin eta Osasunak berriro ere markagailuan aurretik jartzea lortu zuenean. Zizurkoaren erdiraketa dotorea izan zen eta senegaldarraren errematea are eta dotoreagoa. Bere burua lurrera botaz buruz penalti puntuaren paretik baloia sarera bidali zuen Osasunako aurrelari afrikarrak.
Gorritxoek partida irabazi zezaketela zirudien orduan. Baina Guizak ez zuen oraindik azken hitza esan. Eta hamar minutu geroago, Getafek berdindu egin zuen lehia berriz. Torresek ezkerrez erdiraketa dotorea egin zuen eta Osasunako atzelariei aurre hartuz lehen zutoinean Guizak dotore errematatu zuen buruz, berdinketa ezartzeko.
GETAFE 2. OSASUNA 2
Berdinketa ona da
Gorritxoak bi aldiz aurreratu dira markagailuan Getafen, baina berdinketarekin konformatu behar izan dute azkeneanIbrahimak sartu ditu Osasunaren bi golak eta Guizak Getaferen biak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu