Athleticek eta Atletico Madrilek bana berdindu dute pandemiak eragindako etenaldiaren osteko lehen partidan. Bi taldeak parean aritu dira partida osoan. Athleticek hiru puntu lortzea behar zuen Europako txapelketetarako sailkatzeko helburuari eusteko. Dena dela, partida zaila zen, eta Gaizka Garitano entrenatzailea gustura agertu da lortu duten puntuarekin.
Athleticek aurrea hartu du markagailuan, Iker Muniainek hark hasitako jokaldi on bat errematatu baitu 37. minutuan. Aurkarien areako penalti puntuaren ingurutik egin du jaurtiketa, eta Yuri Berchichek egin du erdiraketa. Handik bi minutura, baina, Diego Costak Kokeren pase bat baliatu du partida berdintzeko.
Athleticek aldaketa batzuk egin ditu hamaikakoan: Unai Lopez titular aritu da Vesgaren ordez, eta Williams aritu da erdiko aurrelari postuan, eta ez Raul Garcia. Gainontzean, Unai Simonek, Capak, Yerayk, Iñigo Martinezek, Yurik, Dani Garciak, Muniainek eta Cordobak hasi dute partida zelaian. 63. minutuan, Vesga sartu da Lopezen ordez; 83.enean, Unai Nuñez Yuriren ordez, eta De Marcos Munianen ordez; eta 91.enean, Kenan Kodro irten da zelaira Williamsen ordez.
Atletico Madrilen, Oblak, Trippier, Savic, Gimenez, Lodi, Koke, Thomas, Saul, Carrasco, Marcos Llorente eta Diego Costa atera dituzte hasieran, eta Arias (63, Tripierren ordez), Morata (63, Costaren ordez), Correa (68, Llorenteren ordez) eta Herrera (73, Kokeren ordez) aritu dira ondoren.
Atletico Madrilek indartsu hasi du partida, Athletic kokatu den arte, Muniain buru izanda. Bigarren zatian, bi taldeek egin dituzte jokaldi arriskutsuak, baina ez dute golik sartzeko aukerarik izan.