OSASUNA 1. MALLORCA 1

Berdinketa tristea

Osasunak aurrea hartu du hasi orduko, baina ez da Mallorca baino gehiago izanSailkapenean bi postu aurreratu ditzakete gorritxoek berdinketari esker, baina jaisteko postuekiko tartea txikiagoa da orain

Iruñea
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: M. Flañok (8. min.). 1-1: Castrok (37. min.) Epailea: Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Osasunako Monreali eta Mallorcako Martiri. Bestelakoak: 15.403 ikusle inguru Nafarroako Erresuma estadioan.

Sailkapenean jauzi ederra egiteko aukera polita zeukan atzo Osasunak. Baina, horretarako, ezinbestekoa zen Mallorcaren aurka hiru puntuak lortzea, eta norgehiagoka berehala ongi bideratu bazuten ere, gorritxoak ez ziren partida irabazteko gai izan. Amaieran, berriro ere ozen entzun ziren Nafarroako Erresuman Patxi Izko presidentearen eta Jose Antonio Camacho entrenatzailearen aurkako oihuak, eta taldeak sasoi honetan ere amaiera arte sufritu egin beharko duela dirudi. Atzoko puntuarekin bi postu hobetu badituzte ere, jaisteko postuekiko puntu aldea atzo artekoa baino txikiagoa da orain.

Camachoren taldea ez zen ondo zelairatu, eta lehendabiziko minutuetan jokoari tankerarik ere ez zion hartzen Osasunak. Korner batean aukera ona izan zuen Rubenek, eta Mallorca nagusi zen. Tejerak, Pereirak, Nsuek eta Castrok baloia dotore mugitu arren, Ricardo ikaratu ere ez zuten egin, ordea, eta zortzigarren minutuan Flañok lehendabiziko gola sartu zuen. Patxi Puñalek jokoan jarritako falta jaurtiketa batean iritsi zen gorritxoen gola. Ezkerretik arean jarritako baloia Arandak errematatu zuen, buruz, eta Aouate baloia urruntzeko gai izan bazen ere, aldaratzea area txikian jaso zuen Flañok, eta eskuin oinarekin baloia sareratu zuen. Lehendabiziko aukeran aurrea hartzea lortu zuen Osasunak, eta hurrengo minutuetan eroso jokatzeko aukera izan zuten Camachoren mutilek.

Mallorcako jokalariek erantzukizunari muzin egiterik ez zuten nahi izan, eta Osasunakoek baino gehiagotan ukitzen zuten baloia Laudrupen mutilek. Hargatik, aukerarik onenak Osasunarenak ziren. Laudrupen mutilak ahul aritu ziren lehen zatian geldikako jokaldietan defendatzeko orduan, eta Sorianok, Camuñasek edo Pandianik bigarren gola sartzeko aukera on bana izan zuten. Osasunak baino jokalari teknikoagoak ditu Mallorcak, dena dela, eta jokaldi dotore batean berdinketaren gola sartu zuten Herrialde Katalanetakoek. Pereira frantziarrak ezker hegaletik jokaldi dotorea egin zuen eta erdiraketa ona jarri zuen arean. Emilio Nsuek, zeinak atzo aurrelari petoaren lanak egin zituen, baloia pasatzen utzi zuen eta Osasunako atzelariak nahastu, eta Castro ezkerrak, eskuinetik areara sartuta, zetorkion eran jo zuen baloia, eta Ricardo bikain gainditu zuen.

Atsedenaldirako zortzi minutu geratzen ziren eta kolpe gogorra izan zen gorritxoentzat Mallorcaren berdinketaren gola. Halere, berehala suspertu zen Osasuna. Monrealen jokaldi eder batean buruz erremate ona egin zuen Pandianik Castrok gola sartu eta bi minutura, eta handik bi minutura area kanpotik baloia langara bidali zuen aurrelari uruguaitarrak. Aldaratzean ere aukera ona izan zuen berriz Pandianik, baina atsedenaldian 1-1koa zen markagailuan.

Atsedenaldiaren ondotik Mallorca berriro ere aginte makila hartzeko asmoz zelairatu zen. Lehen ordu laurdenean kanpotarrak nagusi izan ziren jokoan, eta Osasunak lo zirudien. Camachok aldaketak egitea erabaki zuen orduan, eta Calleja eta Vadocz zelaian sartuta taldeari beste bizitasun bat ematea lortu zuen entrenatzaile espainiarrak. 60. minututik 75.era bitartean, Osasunak bere jokorik onena erakutsi zuen. Aspaldian batere jokatu gabe ziren Monreal eta Calleja, eta dotore aritu ziren ezker hegaletik erasoan, eta Pandiani eta Arandaren punteriarik ezak soilik galarazi zuen gorritxoen gola. Susperraldiak ez zuen asko iraun, dena dela. Partidako azken ordu laurdenean, Mallorca berdinketarekin pozik zegoela argi geratu zen. Laudrupen taldea lau partida jarraian galdu berria zen, eta puntu bat eskuratzea sari ona zela erabaki zuten.

Erasoan minik egin gabe, atzean sendo agertzea eta denbora galtzea zen Laudrupen mutilen asmo bakarra amaieran, eta orduan agerian geratu ziren gorritxoen gabezia guztiak. Erasoan ideiarik gabe, Osasunak ez zion Mallorcaren defentsari kilimarik egiten. Eta zaleak haserretu egin ziren. Camacho eta Izkoren aurkako oihuak ozen entzun ziren hainbat alditan, atzo Camachok erru handirik izan ez bazuen ere. Hegoaldeko harmailetan eseri ohi diren zaleak hasten ziren abesten, baina harmaila guztietara hedatu zen haserrea. Ezinean ari zen Osasuna, eta ezintasun horrek atsekabetu egin zituen Osasunaren zaleak. Astebete lehenago Real Madrilen aurka lortutako garaipenak eragindako batasunaren arrastorik ez zegoen atzo jada. Partida ikusita, berdinketa emaitza bidezkoa izan zela onartu beharra dago, dena dela.

Sailkapenean Deportivori eta Herculesi aurrea hartzeko —gaur jokatuko du Herculesek— eta Sportingekin bat egiteko balio izan zien puntuak gorritxoei, baina jaisteko postuak bi puntura dituzte orain nafarrek Almeriak Espanyol menderatu ostean, eta jaisteko postuak saihesteko lehian atsedenik hartu ezinda jarraitu beharko dute lanean Camachoren mutilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.