Berdinketa usaina

Almeriak ez du etxeko partidarik irabazi lehen itzuli osoan, baina Osasunak ere ez du irabazi kanpoan

Iruñea
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Logikak ez du garrantzi handirik izaten futbolean, baina argi dago, estatistikei kasu eginez gero, Almeriak eta Osasunak gaur arratsaldean jokatuko duten partidan berdinketaizango litzatekela emaitzarik logikoena. Lehen itzulian etxean partidarik irabazi ez duen talde bakarra Almeria da, eta sasoi honetan etxetik at irabazi gabe dago Osasuna. Gorritxoentzat ez galtzea da garrantzitsuena, eta berdinketa batek Almeriakoak baino gusturago utziko lituzke Osasunako jokalariak. Hargatik, joera aldatzen ahaleginduko dira bi taldeak. Real Madrilen aurka berdindu eta Espainiako Kopako finalerdietan sartzea lortu ostean, behingoz etxean Ligako partida bat irabaztea du xede Jose Luis Oltraren taldeak. Azken hemezortzi irteeretan hamasei partida galdu eta bi berdindu ostean, Iruñetik kanpo partida bat irabazi nahi du Jose Antonio Camachoren taldeak behingoz, bestalde.

Partida orekatua izango dela iragarri badaiteke ere, bi taldeetako jokalarien aldartea aintzat hartuz gero, Almeria da faboritoa. Azken zazpi jardunaldietan partidarik ez du irabazi Osasunak. Etxetik at, hiru lehia galdu eta bat berdindu du; etxean, berriz, Bartzelonaren aurka galdu du eta Zaragoza eta Getaferen aurka berdindu. Sasoiko unerik zailenean dira nafarrak, eta jaisteko postuak ez dituzte urrun. Oraintxe bi puntura dituzte, eta sasoia hasiz geroztik zalantza handienak oraintxe dituzte gorritxoek.

Almerian, aldiz, eta Ligako azken postuan izanagatik, baikortasuna hedatu da. Azken jardunaldian Real Madril indartsua menderatzeko zorian izan zen, baina amaieran berdinketarekin konformatu behar izan zuen. Horrez gain, klubaren historian lehendabizikoz Espainiako Kopako finalerdietan sartu izanak indarberritu egin ditu. Gainera, etxean partidarik irabazi ez arren, hiru baino ez ditu galdu. Levante, Bartzelona eta Getafe soilik izan dira han irabazteko gai.

Aurkarien gaitz guztiak sendatzen amorratuak dira Osasunakoak, eta Almerian badakite gorritxoak hartzea bezalakorik ez dagoela etxean behingoz partida bat irabazteko. Hargatik, gaur arratsaldeko partida sasoiko lehen finala dela esan daiteke, eta sendo aritzeko gai direla erakutsi beharra daukate nafarrek.

Corominas, hasieratik

Juanfran Atletico Madrili saldu eta gero, taldea suspertzeko, bi jokalari fitxatu ditu Osasunak. Alvaro Cejudo erdilaria min hartuta iritsi da, eta hilabete beharko du oraindik jokatzeko. Ferran Corominas Espanyolek utzita iritsi den aurrelaria, ordea, jokatzeko prest dago, eta hasieratik ariko da gaur. Etxetik at kontraerasoan min egiteko gaitasunik ez du erakutsi orain artean Iruñeko taldeak, eta aurrelariaren bizitasuna ederki eskertuko du. «Ongi mugitzen da aurrealdean, lasterra da eta ongi etorriko zaigu», esan zuen Camachok atzo Corominasi buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.